Obrak gelditzea egotzita, zazpigarren herritar bat deklaratzera deitua izan da gaur goizean Nafarroako Auzitegi Nagusian, Gorka Laurnaga baztandarra. Prentsaren aitzinean adierazi duenez, «obrak modu erabat baketsuan eta zibikoan gelditu genituen eta alde horretatik lasai gaude. Uste dugu ongi egin genuela eta gainera gure alternatiba bakarra izan zen. Baztandarroi hitza, lurrak eta bide komunalak kendu dizkigute eta momentu horretan gelditzen zitzaigun alternatiba bakarra horrelako basakeria gelditzea izan zen».
Gainera, lanak baimenik gabe hasi zituztela azpimarratu du; «obrak ilegalak zirela berretsi egin da. Joan den urteko maiatzaren 6ko plenoan Ayerdi jaunak obrak legalak zirela erran zuen, eta orain ikusten dugun horren sinesgarritasuna nahiko eskasa dela».
Aroztegiko obra «zentzugabea» dela adierazi du Laurnagak; «lurren jabetza herritarretatik elite ekonomiko batera desbideratzea da bilatzen duten gauza bakarra. Proiektuak zerikusi handiagoa du Espainian izandako burbuila inmobiliarioaren modeloarekin, haiek erraten duten bezala mugimendu sozial-berde batekin baino».
«Bailara okerrarekin sartu dira, ez gara zazpi, milaka baizik. Herri baten borondatea ezinen dute makurtu, ezinen dutelako herri osoa kartzelan sartu». Proiektua hau gelditu dezaketenak «Geroa Bai eta PSN dira, baina ez dute deus egin nahi, ez zaielako interesatzen. Ez dakit zein interes duten, baina baztandarren iritzia errespetatzea ez. Bailaran bazuten sinesgarritasun guttia galtzen ari dira».