Elizondoko zahar etxea berritzeko proiektua aurkeztu du Baztango Udalak

Ttipi-Ttapa 2022ko api. 7a, 12:30

Proiektua gauzatzeko 10.800.000 euroko inbertsioa aurreikusi dute eta eraikin berri bat ere eginen dute. Denera 99 toki eskainiko ditu zahar etxe berriak eta berritzea faseka eginen dute, fase bakoitzean ahalik eta erabiltzaile eta langile gehien egoteko.

Aste honetan egindako bilkura irekietan, Baztango Udalak Francisco Joaquin Iriarte zahar etxea berritzeko proiektua aurkeztu du. Berritzeak eraikin osoan eraginen du eta «pertsonetan ardazturiko arreta ereduaren araberako espazioaren antolaketa izanen du, bizikidetza unitateetan». Inbertsioa 10.800.000 eurokoa izanen da eta proiektua Lino Plaza arkitektura bulegoak idatzi du.

Berritze proiektuaren idazketa iaz abiatu zuen udalak, Nafarroako Parlamentuak emandako 190.000 euroko dirulaguntzari esker. 2020ko abenduan Nafarroako Gobernuak adinekoen egoitzak arautzeko onartutako dekretuaren arabera eginen da, irizpide teknikoak kontuan hartuz, baita egoitzako erabiltzaileen eta langileen beharrak ere.

Zahar etxe berria zazpi bizikidetza unitatetan antolatuko dute, bakoitza bere jangela eta egongelarekin. Logela gehienak, 83, bakarkakoak izanen dira eta 8 binazkakoak. Denera 99 toki eskainiko ditu zahar etxe berriak eta larrialdietako irizpideak ospitaleetakoak izanen dira legeak agindu bezala. 80. hamarkadan egindako hegala botako dute, «zerbitzu sistemak bertikalean antolaturik dituelako eta solairuak arrunt apalak direlako, edozein berritze aunitz zailtzen duena», eta berria eginen dute bertan. Horrela, zahar etxeak hiru zati izanen ditu: «eraikin berria, oraingo eraikin historikoa eta zaharra eta berria lotzen dituena».

Zahar egoitzako sotoa, eraikin historikoa, sukaldea eta kanpoko eremua ere berrituko dituzte. Sototik lixutegia eta xukalekua aterako dira, erdiko eraikineko beheitiko solairuan egonen direnak. Eraikin historikoaren lehenbiziko solairuan bizikidetza unitateak eginen dituzte eta beheitikoan eguneko egoitza, zerbitzu komunak, jangela eta erabilera anitzeko gela. Berokuntza sistemari dagokionez, gasolio eta pellet galdarak kendu eta aerotermia erabiliko dute. Sistema eraikin berriko teilatuan paratuko dute.

Berritzea faseka eginen dute, fase bakoitzean ahalik eta erabiltzaile eta langile gehien egoteko. Lanak 42-45 hilabetez egitea aurreikusi dute.

Elizondon egindako aurkezpenen ondotik Nafarroako Parlamentuan lan-saioa egin dute parlamentariei proiektuaren berri emateko eta finantziazioari buruzkoak mahai-gainean paratzeko. Aitzineko hilabeteetan Eskubide Sozialetako kontseilariak eta parlamentariek zahar etxea bisitatu dute eta Elizondoko zahar etxearen egoeraz jakitun dira, baita beharrezkoa duen berritzeaz ere.

Proiektuaren txosten osoa udaleko webgunean dago, irakurtzeko egin klik hemen.

Zahar etxea berritzeko proiektuaren infografiak.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun