Elizondoko zahar etxeko langileek lan hitzarmen kolektiboa berritzeko akordioa lortu dute

Ttipi-Ttapa/Xorroxin 2022ko api. 5a, 15:00

«Borrokak merezi duela» erranez hasi dute Francisco Joaquin Iriarte zahar etxeko langileek gaurko prentsaurrekoa, «8 eguneko greba egin ondotik, zahar etxean zein herrian mobilizazio ugari egin ondotik... gaur hitzarmen kolektiboa berritzeko akordioa lortu dugula iragarri dezakegu».

Langileen baldintzei dagokienez, «aurrerapauso nabarmenak» eman dituztela adierazi dute, bertzeak bertze:

  • Soldata igoerak: 2022an %5, 2023an Nafarroako KPIa + 0,6 eta 2024an Nafarroako KPIa + 1. KPIa negatiboa izanez gero, %2ko soldata igoera bermatzen da.

  • Urteko lanaldiari 28 orduko murrizketa.

  • Gaixotasun arrunten bajak lehenengo egunetik kobratuko dira, %90 kobratzera ailegatuz. Gaur egun, lehenengo 3 egunetan ez da ezer kobratzen eta laugarren egunetik aitzinera %75a kobratzen da.

  • Aurretiko erretiroa errelebo kontratuaren bidez txertatzea.

  • Lan egutegia langileekin adostea.

  • Lizentziak hobetu dira, medikuarengana joateko ordu mugak kenduz, edozein titulazio edota azterketa egiteko baimenak lortuz… Halaber, ordaindutako lizentziak oporrei metatu ahal izango zaizkie.

  • Eszedentziak hobetu egin dira.

  • Zahar etxean bertan laneko arropa garbitzeko aukera emanen da.

  • Lanpostu hutsak eta lan-poltsa kudeatzeko protokoloa ezartzea.

  • Nafarroarako sektoreko hitzarmena sinatuz gero jasotzen diren hobekuntza guztiak automatikoki aplikatuko dira.

Honekin, LABeko lau kidek eta ELAko batek osatzen duten enpresa batzordeak aurkeztutako plataformaren «puntu gehienak» jaso dira, «eta langileon batzarraren aho bateko babesa jaso du». Akordioa lortzea «ez dela erraza izan» adierazi dute, «oztopo aunitz gainditu behar izan ditugu; Covid egoera, inflazio handia, egungo nazioarteko ziurgabetasun-egoera… baina, batez ere, enpresa bati egin behar izan diogu aurre, IDEA Zerbitzu Soziosanitarioak, batere enpatikoa ez dena, negoziatzeko inolako borondaterik izan ez duena, beti bere onura ekonomikoa lehenetsi duena... are gehiago Elizondoko egoitzatik gehienez 2 urteko epean atera beharko duela jakinda».

Eskerrak eman nahi izan dizkiete «langileon batasunari, Baztango eskualdearen laguntzari, egoiliarrei eta haien senideei». Sektorearen lan baldintzak duintzeko «lan aunitz» gelditzen dela diote, «ez enpresek ezta instituzioek ere ez baitute inolako aitortzarik egiten. Baina, gaurko akordio honekin, apur bat aitortuagoak sentitzen gara».

Akitzeko, «Baztango Udalak zahar etxea publifikatzeko hartutako konpromisoa blindatzera eta gauzatzera» bideratuko dutela borroka adierazi dute eta «zuzeneko kontrol eta kudeaketa izango duen egoitza publiko baten beharra» aldarrikatu dute; «gure aitatxi eta amatxiei zaintza zerbitzu egoki bat emateko, langileon lan-baldintza duinak bermatzea ezinbertzekoa da. Etekin ekonomikotik eta enpresa-logikatik kanpoko zaintza sistema behar dugu, egoiliarrak eta zaintzaileak erdigunean jarriko dituena».

Elizondoko zahar etxeko langileak gaur goizean egindako prentsaurrekoan.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun