Magnak Erdizko herri-bazkalekuan meategiaren proiektua Udalez Gaindiko Eragina duen Proiektu Sektorial baten bidez tramitatu nahi duela jakinarazi du berriki, «Baztango erakundeek dituzten ahalmenen gainetik». Horregatik, joan den ortziralean egindako Batzar Nagusian UGEParen kontra bozkatu zuten, 25 batzarkideren kontrako botoekin eta Geroa Bai eta Navarra Sumaren bortz abstentziorekin.
Akordio honetan, «Magnari eta Nafarroako Gobernuari Erdizko proiektua UGEPS gisa ez tramitatzeko eskatu zitzaien, eta Baztango erakundeek abiatu duten herri-galdeketaren emaitza errespetatu dezatela». Izan ere, meategiak bailaran sortu duen «eztabaida bizia» ikusirik, «Baztango Batzar Nagusiak gaia herri-galdeketa eginez bideratzeko akordioa hartu zuen, herritarrei hitza emanez denena den ondarearen geroa erabakitzeko, demokrazian sakonduz eta tokiko autonomia babestuz».
Magnak egin nahi duen proiektua «Baztango jabetzako lurretan eginen litzateke, horietako zati bat Baztango udal barrutian eta bertzea Esteribarrekoan, baina gisa guztietara, Baztango jabetzakoak». Ortziralean egindako idatziak hiru printzipio nagusi hartzen ditu, «ikuspegi politiko eta instituzionaletik begiratu beharrekoak: denen ondarea den herri-lurra, erabakitzeko eskubidean oinarritutako sakontze demokratikoa eta tokiko autonomia».
Mozioaren arabera, «UGEPak hiru printzipio horien kontra jotzen du; denen ondarea den herri-lurraz gabetzen gaitu, herritarrei erabakitzeko eskubidea kentzen baitie inposizioaren bidez jokatuz, eta tokiko erakundeen autonomiaren kontra egiten baitu, bailarako erakundeen eskumenaren gainetik pasatuz». Akitzeko gaineratu nahi izan dute «jokatzeko modu horrek, Aroztegiko auziak erakutsi duenez, gatazka bertzerik ez duela ekartzen».