Saioa Jaurena Atxa

«Lana, esfortzua eta ondokoa baloratzen irakatsi dit errugbiak»

Ttipi-Ttapa 2022ko api. 3a, 08:00

«Errugbia maite duen irakaslea» da Saioa Jaurena Atxa (Elizondo, 1989). 17 urte eman ditu kirol honetan, hainbat taldetan aritu da eta ibilbide arrakastatsua egin du. Aurten, ordea, kirola uzteko erabakia hartu du; «ez da erabaki erraza izan baina hala da».

Bizitza erdia zelaian

16 urte zituela hasi zen Jaurena errugbiarekin; «institutuan probatu nuen. Neska pare bat entrenatzen hasiak ziren, eta gustatu zitzaidala eta hain ongi sentitzen nintzela ikustean, hastera animatu ninduten, eta Baztango mutilekin entrenatzen hasi ginen neska batzuk. Egun hartatik aitzinera, geroz eta lotura estuagoa izan dut kirol honekin».

Geroztik, hainbat taldetan aritu da eta ibilbide arrakastatsua izan du; «Iruñeko La Unika taldean hasi nintzen, gero Getxotik pasatu nintzen, ondotik Baionan urte bat egin nuen eta Zeelanda Berriko talde batera joan nintzen. Handik bueltan, Getxon bertze urte bat egin nuen eta Baionara aldatu nintzen segituan. Han egin ditut azken urteak».

«Kendu didana baino aunitzez gehiago eman dit errugbiak»

Honez gain, 2013an Espainiako selekzioarekin jokatzen hasi zen, eta «salto handia» izan zen, «mailari dagokionez eta prestakuntza pertsonalari dagokionez». Postu bakoitza lortzeko «lehia handia» zegoen, «batez ere nire postuan esperientzia haundiko neskak zeuden eta ez zen erraza izan lortzeko». Entrenamenduen intentsitatea eta maiztasuna ere handitu behar izan zituen; «denborarekin aldaketa horiek errutina bihurtu ziren, nire gorputza ezagutzen eta lan gehiago zein arlotan behar nuen identifikatzen hasi nintzen».

Esperientzia berriak

Irlandako munduko kopan parte hartu zuen Jaurenak selekzioarekin 2017an. «Esperientzia polita baina gogorra izan zen. Munduko kopak luzeak dira eta egun onak eta txarrak daude, baina han pasa behar dira denak eta psikologikoki ongi eramaten jakin behar da. Etxera bueltatzean izan nintzen kontziente pertsonalki lortu nuenaz».

Mundialera joanen zela jakin zuen unea da bizi izan duen momenturik hoberenetakoa, «kirol honetan jokatu nezakeen mailarik altuenean aritzeko aukera lortu nuela jakitea». Hala ere, «aunitz» izan dira momentu onak errugbiarekin; «Baionan urte onak pasatu ditut, entrenatzaile on bat aurkitu nuen eta aunitz lagundu zidan hobetzen eta kirol honetaz disfrutatzen».

Errugbiak «pertsona gisa naizen eta ikasi dudan guztia eman dit. Lana, esfortzua eta ondokoak baloratzea zer den irakatsi dit, eta bertze gauzetarako denbora kendu badit ere, kendu didana baino aunitzez gehiago eman dit».

Azken urteak

Baionan aritu da jokatzen Jaurena azken urteetan; «kotxeari lotuta ibili naiz, astean hiru egunetan entrenatzen baikinen. Partiduendako, liga nazionala denez, Frantzia osoan zehar ibili behar izan genuen. Autobusean ordu dezente pasatuak ditugu!».

«Kirolarengatik alde batera gelditu direnen txanda da orain»

Koronabirusak ere «gogor» eragin die jokalariei; «klubean jende gutiago gelditu da, eta maila oneko jende berria bilatzea zaila da. Txapelketetan atzerapenak izan ditugu eta fisikoki ongi mantentzea zaila izan da. Gainera, denbora libre guztia hotelean eman behar genuen, baina elkar hobeki ezagutzeko balio izan digu, beraz, ez da dena txarra izan».

Selekzioari dagokionez, aurtengo munduko koparen atean gelditu da taldea; «maila ona izan dugu eta irabazteko prest geunden, baina presio handiko partiduak dira eta hori hobeki kudeatzen duen taldea izaten da irabazle. Pena arras handia izan zen, aunitzendako azken partiduak ziren eta lau urte eman ditugu horri begira entrenatzen. Kanpoan gelditu garela onartzea ez da erraza izan».

Errugbia uztea «ez da erabaki erraza izan, baina goi mailan jokatzeko egin behar den esfortzua handia da eta gauza aunitz alde batera utzi behar dira. Helburu argi bat dagoenean erraza da, baina Munduko koparik gabe eta ligako maila gorenik gabe motibazio hori itzali zait. Urte aunitz izan dira errugbian zentratuak eta alde batera gelditu direnei kasu egiteko txanda da, nire bizitza ulertu eta jokatzera animatu nautenei eskerrak emateko garaia da».

Etorkizunera begira

Errugbia utzi badu ere, «ez dut harremana galdu nahi, talderen bati entrenamenduetan laguntzeko asmoa dut. Oraingoz, jokatu gabe bizitzen ikasten ari naiz eta mantso- mantso helburu berriak bilatzen hasiko naiz».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun