Iñaki Atxak 'Espiello Agora x l'aragonés' saria irabazi du

Fernando Anbustegi 2022ko mar. 31a, 15:00
Iñaki Atxak ezustean bezain gustura hartu du Sobrarbeko Dokumental Etnografikoaren Nazioarteko Jaialdiko saria.

Sobrarbeko Dokumental Etnografikoaren Nazioarteko Jaialdiko saria hartu du elizondoarrak

Iñaki Atxa Aranburu elizondoarrak Espiello Agora x l'aragonés saria irabazi berri du Boltañan. Sari hau, Sobrarbeko Dokumental Etnografikoaren Nazioarteko Jaialdiaren baitan ematen da, eta aragoieraz ekoitzitako azpititulatutako edo bikoiztutako lanak saritzen ditu. Atxak egindako Baztan Bidasoa, Nafarroako oihan hezeak izeneko lanak sari nagusia (900 euro eta garaikurra) Carlos Baselga eta Francisca Martínen Ay dios! lanarekin partekatu du.

Maila nagusian hamaika lanek hartu zuten parte eta, Atxaren eta Baselga eta Martinen lanak aukeratu zituen irabazle gisa epaimahaiak. 

«Katapurtxintxa batek gidari lana egiten duen dokumentala»

Pandemia garaian dokumental bat egiteko materiala zuela konturatu omen zen Atxa eta konfinamendua dokumentala egiteko baliatu zuen: «Baztan Bidasoko xokoetan barna katapurtxintxa batek gidari lana egiten du dokumentalean, lau urtaroak nolakoak diren erakutsiz, oihaneko bertze animaliak ere agertuz».
Kontent agertu da Atxa, «ezustea» hartutako sariarekin. Ikus-entzuneko lanetan esperientzia handia du elizondoarrak, aspaldidanik Xaloa telebistan lanean ari baita, eta horrez gain, mundu zabalean ere bidaia aunitz egindakoa da, argazkilaritza eta bideogintza uztartuz.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun