Helpbidea proiektua Elizondoko kuartelean aurkeztuko du Baztango Udalak

Ttipi-Ttapa 2022ko mar. 28a, 12:30

Gaur 19:30ean Elbeteko eskola zaharrean izanen da lehenbiziko bilkura

«Larrialdi zerbitzuak barreiatutako baserri eta bizitegietarat lehenbailehen eta galdu gabe joan ahal izateko proiektua» da Helpbidea, MetroBaserrirekin osatzen dena. Zenbaki bidezko identifikatzaileekin funtzionatzen du, «baserri bakoitzaren kokapena zalantzarako tarterik gabe zehazten duena, izen beretsuko baserrien arteko nahasketak saihesten eta toki bakoitzerako bideak aitzinetik garbi finkaturik uzten».

Gaurtik hasita, Elizondoko kuarteleko baserritarrei eta barreiaturik bizi diren herritarrei aurkeztuko diete proiektua. Lehenbiziko bilkuran Elbeteko eskola zaharrean eginen dute, gaur 19:30ean. Lekarozen bihar eginen dute, elkartean eta Elizondokoa Arizkunenean asteazkenean. Hiruak tenore berean izanen dira.

Joan den azaroan Basaburuko aurkezpenak egin zituzten, eta bertako baserriek dagoeneko beren plaka dute. Momentu honetan Baztangoizako lanak hasiak ditu Baztango Udalak. Helpbideko identifikatzaileak paratu ondotik, «bideen planoa egiten da, MetroBaserri izeneko planoan ematen dena». Basaburuan dagoeneko «egin hurren dago» eta «luze gabe» kuarteleko herrietan paratuko dute. Honez gain, identifikatzaile eta planoak laguntzeko, seinaleak paratuko dituzte bidegurutze nahasgarrietan.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun