BRT Menditarrak errugbi talde nagusiak partida garrantzitsua izanen du larunbat arratsaldean Lekarozen. Baina errugbiak etorkizuna duela erakusteko bertze hitzordu garrantzitsua izanen dute egun eta zelai berean larunbat goizean, 10:30etik 13:30era. Izan ere, Nafarroako errugbi eskola guztietatik etorritako gazteak bilduko dira (200 inguru), Nafarroako kirol jokoen barrenean.
Hain zuzen, zortzi, hamar, hamabi eta hamalau urtez beheitiko neska-mutikoak bilduko dira Lekarozen, BRT Menditarrak taldeko errugbi eskolakoekin batera, Iruña, La Unica, Funes, Gigantes de Tudela eta Tarazona taldekoak.
Baztan euskal errugbiaren hiriburua bihurtuko da eta erran behar da kirol hau gazteei esker gero eta indar gehiago hartzen ari dela Euskal Herri osoan. BRT Menditarrak taldetik adierazi dutenez, «espero dugu jende aunitz hurbiltzea giro polita izanen baita eta honetakoan eguraldiak aunitz lagunduko baitu. Bertzalde, ostatua zabalik egonen da pintxo eta edariak eskaintzeko egun berezi honetan».