Baztango Geroa Baik kirol azpiegituren Plan Zuzendariari oniritzia eman dio

Ttipi-Ttapa 2022ko mar. 24a, 11:30

Baztango Geroa Baiko Ruben Ziganda eta Joseba Moreno zinegotziak Lekarozko kirol instalazioetan.

Koalizioak parlamentu taldearekin batera aurrekontuetan egindako zuzenketa bati esker egin da azterlana

Bailarako kirol azpiegituren plana egitea esleitu zaion enpresak, Tik Gestion-ek, egindako lana udalbatzan aurkeztu du berriki. Bertan, egungo instalazioen balorapena egin dute eta etorkizunean egin daitezkeen instalazioen garapen aukerak ikertu dituzte. Gainera, Lekarozko kirol gunean eta Oronoz-Mugairiko San Martin ikastetxearen ondoko espazioetan lankidetza planteamenduak egin dituzte.

Ruben Ziganda eta Joseba Moreno zinegotziek oniritzia eman diote enpresaren lanaren emaitzari, baita «Departamentuaren eta Baztango Udaleko Kirol Zinegotziaren artean egindako lankidetzari» ere. Gainera, planaren lanketan partu hartu duten klub eta kirol eragileei «esker ona» adierazi diete.

Adierazi dutenez, lortutako ondorioek «propioak diren instalazioetan edo Nafarroako Gobernuarekin lankidetza hitzarmenak sinatuz lor daitezkeen instalazioetan aukera handiak ematen dizkigute. Gainera, bailarako bizilagunendako osasun iturri den jarduera fisikoa bultzatzeko kirol modalitate berriak jarduteko aukerak mahai gainean jarri dira, baita etorkizunean landu ahal izateko balizko proiektuek izan dezaketen kostua ere».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun