Errekak eta bizitza izan dituzte mintzagai Arizkunenean Miel Mari Elosegirekin

Ttipi-Ttapa 2022ko mar. 18a, 14:30

Elizondoko Arizkunenea kultur etxean bildu ziren atzo hainbat lagun, Baztango Talde Ekosozialak antolatutako 'Errekak bizi-iturri… agortzen' solasaldian erreken inguruan solastatzeko Miel Mari Elosegi biologo eta basozainaren eskutik.     Argazkia eta testua: Baztango Talde Ekosoziala

Elosegik aipatu zuen normalki gure inguruan urtero banaz bertze 1600-2000 mm euri egiten duela, ez dagoela idorte garairik eta noiznahi egin dezakeela euria, normalki eztiki, langar eta euri ttikia. Elurra ere ohikoa da. Baina azkeneko urteetan tenperatura banaz bertze gradu bat igan da, horrek erran nahi du tokiaren arabera 1,5º edo gehiago ere igan izan dela. Hori dela eta elurra guttiago egiten du. Aldi berean erregistro estatistikoek gure inguruetan urtero 160-170 egunez prezipitazioak izaten zirela diote, aunitzetan langarra edo euri ttikia. Orain litrotan urtero %10-15 guttiago egiten du eta prezipitazio egunak 140 ingurura jaitsi dira. Halaber, iduri du orain errekak kolpean igaten direla eta kolpean jaitsi. Udaren azkena ere luzatzen ari da. Datu horiek emanik Elosegik erran zuen gure errekak ez direla agortzen ari, oraino euri dezente egiten duelako, baina bai aldatzen ari dela euria egiteko modua eta kopurua, eta seguru aski gehiago aldatuko da.

Datu horiek emateaz gain, Elosegik erreketako ekosistemaren berri eman zuen. Ekosistema hori ez da ura bakarrik, bazterretako oihanak ere dira, hortaz, erreka behatzerakoan inguruko zuhaitzei ere kasu egin behar zaie. Erreka-sistema osasuntsu batean bizitza joria dago: haltzadi, lizardi, karramarro, hegazti, ur-sator, lepatxuri, ur-zakur… Baina horrelakoak gero eta guttiago dira, Elosegik erran zuenez. Jendeen esku hartzearekin sistema horiek maila batean edo bertzean urratu direlako.

Gure bizimodua dela eta gero eta ur gehiago kontsumitzen dugula erran zuen Miel Marik, gero eta ur gehiago hartzen dugula erreketatik, erreketako bizitza urrituz. Oraingo makro-etxaldeek, adibidez, ur aunitz erabiltzen dute eta ondotik azienden pizak eta kakak sortzen dira, eta horiek modu batean edo bertzean errekan akitzen dute. Nekazaritzarako erabiltzen diren ongarri eta produktu kimiko pila bat errekara joaten dira.

Galdera bat baino gehiago ere bota zuen Elosegik: zenbat igerileku behar dira? Herri guztietan bat? Auzo guztietan? Norberaren etxean? Gure gurasoek zenbat ur behar izaten zuten? Eta guk?

Elosegik ere orain zabortegiei kasu gehiago egiten zaiela aipatu zuen, araztegiak ere egiten direla… Eta horrek erreken garbitasunean eragiten duela. Babestutako inguruen garrantzia ere aipatu zuen. Eta azkenik, gizakiaren eta erreken arteko harremanean oreka bilatzeko guttieneko emariak errespetatu behar direla erran zuen, azpiegitura egokiak egin eta kutsadura eta kontsumoa guttitu.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun