Iñaki Goñi Otxandorena

«Gasolioaren prezioa jaistea nahikoa izanen da kamiolari gehienak lanera bueltatzeko»

Ttipi-Ttapa 2022ko mar. 19a, 09:30

Tradisna Nafarroako Garraiolarien Elkarteko idazkari nagusia da Iñaki Goñi Otxandorena elbetearra. 23 urte daramatza kamioiaren gainean lanean, eta bertze hainbat langilek bezala, greba egitea erabaki du bere eskubideak hobetzearen alde.

Zein da, estatu mailan, garraiolarien gaur egungo egoera?

Gure egoera ez da ona, hainbat eskaera egin ditugu behin eta berriz baina ez dituzte betetzen, eta horregatik erabaki dugu geldialdia egitea.

Zeintzuk dira eskaera horiek?

Alde batetik, 60 urterekin erretiratzea eskatzen dugu, adin horretatik goitiko txofer bat 40.000 kiloko kamioi baten gainean ibiltzea arriskutsua dela uste dugulako, eta gehienak bizkarretik izorratuak eta osasunez gaizki egoten baitira adin horretan.

Bertze aldetik, gasolioaren prezioaren gorakada ez da jasangarria garraiolariendako eta hori ere negoziatzen ari gara. Hala ere, horrek denei eragiten digu, egunero lanera joateko kotxea hartu behar duenarendako ere kristoren premia baita.

Eskaera gehiago ere baditugu, adibidez, gaur egun 90-120 egunen buruan ordaintzen digute, eta guk gehienez 60 egunetan kobratzea eskatzen dugu. Bertzenaz, kostu guztiak guk ordaindu behar ditugu kobratu gabe eta gastuak aunitz igotzen zaizkigu. Gainera, tailer, gurpil, aseguru eta bertze hainbertze gauzen prezioak goititu dituzte baina gure garraioak ez, kontrakoa, beheiti egin du. Jasan ezin dugun egoera batera ailegatu gara eta horregatik gelditu gara.

Noiztik dituzue arazo hauek? Gerra aipatzen da baino lehenagotik ere planteatu zenuten greba…

Bai, eskatzen duguna historikoa da eta beti eskatu izan dugu, baina ez digute kasurik egin. Joan den urtean, Eguberriak baino lehen, geldialdi bat antolatu zen, baina azkenean ez genuen egin akordio batzuk lortu genituelakoz. Akordioan, adibidez, gure garraioaren prezioaren igoera hitzartu zen eta martxoan sinatu dituzte. Orain esperoan gaude, enpresek legeak erraten duen bezala ordainduko diguten ikusteko, baina badirudi ez dutela igoera ordaindu nahi.

Gerra aunitz aipatzen da eta gasa Errusiatik heldu denez zerikusia izanen du, baina gasolioaren eta argiaren prezioa aunitz igotzen ari zen gerra hasi aitzinetik ere eta aitzakia bat dela uste dut.

«Jasan ezin dugun egoera batera ailegatu gara eta horregatik gelditu gara»

Iñaki GOÑI OTXANDORENA

Nork deitu du greba?

Greba hau estatu mailan sortutako plataforma batek deitu du, Plataforma para la Defensa del Sector de Transporte de Mercancías izenekoa. Tradisnakoek martxoaren 12an ezohiko asanblada egin genuen, greba babestuko genuen edo ez erabakitzeko, eta gehiengo osoz baietz erabaki genuen. Hortaz, orain plataformako kideek erraten dutena egin behar dugu.

Zein sindikatuk parte hartu duzue greban?

Nafarroan Tradisna eta Hiru sindikatuak gara greba egiten ari garenak, denak autonomoak edo enpresa ttikietakoak. Bertze txoferrei sindikatuek ez diete grebara deitu, hortaz, guk bakarrik egiten ahal dugu. Hala ere, pikete informatiboak prestatzen ari gara Iruñea eta Erribera inguruan eta ikusiko dugu ea gure eskaerak hedatzen diren.

Autonomo izateak eragin handia du?

Bai, enpresa kargatzaile haundiek ttikiei ordaintzen dietelako eta ttikiek guri, eta tartean diru aunitz gelditzen dela ikusten dugu. Bitartekariek eramandako dirua eta guri ailegatzen zaiguna hobeki banatzea eskatzen dugu. 

23 urte daramatza Goñik kamioilari gisa lanean.

Garraio Ministroa martxoaren 16an Errepideko Garraioaren Komite Nazionalarekin (CNTC) bildu zen, baina grebara deitu duen plataformarekin ez. Zerbait lortuko dute?

Komitean gaude sindikatuak, garraiolariak eta federazio guzia, baina grebarako deia egin duen plataformak ez du sartu nahi. Gobernuak erraten du haiekin solastatzeko komitetik egin beharko dutela, hor daudelako enpresa handiak, ttikiak, autonomoak, kargatzaileak… baina plataformak ez du onartzen. Hortaz, Gobernuak ez du haiekin elkartzeko asmorik, eta ez dakigu nola konponduko dugun afera.

Plataformako zuzendariaren erranetan, denek greba egiten badugu, gobernuak azkenean haiekin elkartu beharko du. Sanchez ministroak ezetz erran du, eta piketeak gelditzeko guardiak aterako dituztela. Horrek ez digu laguntzen, alderantziz, jendea gehiago piztuko du.

Greba denek egiten ez baduzue, zerbait lortuko duzue?

Hori da arazoa, ez dugula denok greba egiten. Bakoitza libre da egiteko edo ez egiteko, baina horretarako dira pikete informatiboak, greban zergatik gauden azaltzeko eta denondako onuragarria dela ikusarazteko. Batzuek lanean segitu nahi dute eta ezin diegu deus erran, greba eskubide bat delakoz, ez obligazio bat. Baina argi dugu denak gelditzen ez bagara, zaila dela nahi duguna lortzea.

Zenbat langile gelditu zarete?

Ez dugu estatu mailako daturik. Tradisnan gehienak gelditu gara, baina ez dakigu egiatan zenbateko indarra izaten ari den greba. Goizetan 50-60 bat lagun agertzen gara piketeak egiteko, baina ez dugu datu orokor errealik.

«Denak gelditzen ez bagara, zaila da nahi duguna lortzea»

Iñaki GOÑI OTXANDORENA

Noiz uste duzu akituko dela greba?

Egia erran, gasolioaren prezioa jaistea segur aski nahikoa izanen da jendea lanean hasteko, hori da ingurukoekin solastatzerakoan gehien ikusten dudana. Plataformak eskatutako guzia lortu arte borrokan segitu nahi du, baina gasolioa jaisten bada geldialdia akituko dela uste dut. Eskatzen ditugun gainerako gauzei dagokienez, batzuk Eguberrietan egindako akordioetan lortu ziren, ez dakigu enpresariek aplikatuko dituzten edo ez, baina lortu ziren. Lortu ez ditugunak airean geldituko direla uste dut, betitik eskatu izan ditugulako eta inoiz lortu ez ditugulako.

Gobernuak martxoaren 29rako argiaren eta gasolioaren prezioa jaitsiko duela iragarri du, baina eskas iruditzen zaigu. Gu geldirik gaude eta 29ra arte ez dute deus eginen? Gainera eguna ailegatzean ez dakigu seguru eginen duten. Baina egia da prezioak jaistea lortzen badute, gehienak lanera bueltatuko direla.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun