Baztango Udalak Baztan aztergai duten ikasketa akaberako lan eta proiektuak egiten laguntzeko bekak emanen ditu bertze urte batez. 2.000 euro esleitu dizkiote deialdiari eta ikasle bakoitzak 500 euroko dirulaguntza lortuko du, beraz, gehienez lau ikaslek lortuko dute beka.
Deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean martxoaren 8an argitaratu da, beraz, eskariak egiteko epea apirilaren 9ra arte izanen da. Izena eman nahi dutenek hurrengo baldintzak bete beharko dituzte:
- Baztanen erroldatua egotea (edo bertze udalerri batean koiunturalki erroldatua egotea, horren arrazoia kanpoan ikasketak egitea dela justifikatuta, betiere aitzineko errolda Baztanen izan bada).
- 2021/22 ikasturtean azkeneko kurtsoan matrikulatua egotea.
- Baztango Udalarekin zorrik ez izatea.
Baldintza hauek betetzen dituzten ikasleek udaleko erregistroan eman beharko dute izena dokumentazio hau aurkeztuz:
- Lanaren edo proiektuaren memoria, gehienez lau orrikoa. Bertan helburuak, metodologia, iturriak, oinarrizko bibliografia… zehaztu daitezke. Memoriak lanaren tutorearen onarpena izan beharko du eta lana edozein hizkuntzatan egin daiteke.
- NANa.
- Baztandik kanpo erroldatuak daudenendako zinpeko aitorpena, ikasketak Nafarroatik kanpo egiten dituela justifikatzeko.
- Laguntza zein banku-kontutan hartu nahi den eta kontua eskatzailearen izenean dagoela ziurtatzen duen banku-etxearen agiria.
Aurkeztutako lanak horretarako sortutako batzordeak baloratuko ditu. Batzordea Lanbide eskolako zuzendariak, Lekarozko institutuko zuzendariak, Garalurreko teknikariak, Baztango alkateak eta udal idazkariak osatuko dute. Balorazioan kontuan hartuko dute lanaren interes soziala, bailarako erronkak lantzeko duen ahalmena, originaltasuna, erabilitako metodologia, arazoak konpontzeko gaitasuna, hizkuntza, hizkuntzaren kalitatea eta sintesi ahalmena. Eskatzaileek, laguntza emanen zaiela jakinarazi ondotik, urte bateko epea izanen dute lan edo proiektua egiteko.
Deialdiaren oinarri guztiak eta Nafarroako Aldizkari Ofizialeko iragarkia baztan.eus webgunean daude eskuragarri eta edozein zalantzetarako udaletxerat joaten ahal da.
Hamar dirulaguntza 2016tik
2016an lehen aldiz deialdia egin zenetik, denetara hamar laguntza eman dituzte eta Baztanekin zerikusia duten lan hauek egin dira: turismoa Baztanen, XVII-XVIII. mendeetako goi-mailako etxeen tipologia, mutil-dantzak eta emaztekien parte hartzea, Baztango haur eskolaren proiektu pedagogikoa, Amaiurko euskararen berezitasunen azterketa, emakume etorkinen egoerari buruzko lana, Baztango nekazaritza XVI. mendetik XVIII. menderat, Baztango turismoa iraunkorra al da? azterketa eta Baztango kaparetasun unibertsalaren bilakaerari buruzko ikerketa. Iazkoa Anizko Jauregia esnekietarako postretarako esneki berri baten diseinua izan zen.