Eskubaloi teknifikazio campusa eskainiko dute aurten ere Lekarozko gazte aterpean

Ttipi-Ttapa 2022ko mar. 12a, 09:00

Lekarozko gazte aterpean eskubaloi teknifikazio campusa eskainiko dute berriz ere uztailean.

Bilboko Burdinbeltz HBB taldearen eskutik, 14 eta 16 urte arteko neska-mutilei zuzendua da eta uztailaren 16tik 23rako txandan bada lekua oraindik

Bilboko Burdinbeltz Eskubaloia HBB taldeak eskubaloi teknifikazio campusa eskainiko du aurten ere Lekarozko gazte aterpean. Aurten bi txanda dituzte antolatuta eta lehenbizikoa, uztailaren 4tik 11ra, guztiaz betea badago ere, uztailaren 16tik 23ra bitarteakoan oraindik badira lekuak, 2006, 2007 eta 2008 urteetan jaiotako neska-mutilei zuzenduak. Burdinbeltz taldetik aipatu dutenez, «azken txanda honetako lekuak Nafarroako gazteekin bete nahi ditugu eta ahal bada Baztan-Bidasoaldeko gazteekin».

Burdinbeltz taldeko Alberto Muñozek aipatu digunez, «2019an sortu zen taldea Bilbon, Bizkaiko Txorierri inguruan eskubaloi eskola proiektua bultzatzeko. Gainera, pandemia hasi zen udaran bertan lehen teknifikazio campusa antolatu genuen eta oso ongi atera zen guztia. Erakundeek ezarritako neurriak errespetatuz berrogei gaztetik gorako kanpusa izan genuen Lekarozko gazte aterpetxean. Bertan lehen HBB kanpusean Bizkaia zein Gipuzkoako infantil eta kadeteak izan genituen: Zuazo, Barakaldo, Zarautz, Bidasoa…bezalako taldeetako gazteak izen eman zuten. Gure monitoreen artean lehen mailako jokalariak daude, besteak beste Porriño galiziar taldeko Maider Barros edo Bera Berako June Loidi.

Aurten, lehen txanda berehala bete zen, pasa den urteetako gazteak gure campusera datoz berriz ere beste behin. «Hortaz, lehen deialdiko arrakasta ikusita bigarren txanda bat antolatzea erabaki genuen. Momentuz hogei plaza bete dira ete gure helburu nagusia gazte nafar gehiagok izena eman dezatela da. Bereziki Baztan-Bidasoaldeko eta Sakanako gazteak» dio Muñozek. 

Izena emateko epea maiatzaren lehenengo astera arte egonen da irekia eta campusaren prezioa 440 eurokoa da.

Izen-ematea

Harremanetarako

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu eta horretarako baimenak eduki behar dituzu. Sartu komunitatera!