Ainara Unanua Arizmendi

«Adirekin ongi pasatzea da nire helburu nagusia»

Ttipi-Ttapa 2022ko mar. 13a, 08:30
Unanuak eta Adik lehen postua lortu zuten oinarrizko mailan, otsailaren 12an Kantabrialdean egindako txapelketan.

«Irri egitea aunitz gustatzen zaion neska gartzaindarra» da Ainara Unanua Arizmendi, «kirolzalea, ameslaria, besarkadazalea, saltsero samarra… solasean hasi eta isiltzeko lanak izaten dituena». Ez da geldirik egoten denetakoa, eta gauzak berriak probatzea gustuko duenez, zakurren agility probak egiten hasi zen Adi  bere zakurrarekin. Gainera, Ene Kantak haurrendako taldeko Sator Jator pertsonaiaren papera egiten du.

Zer da agility modalitatea?

Agility kirol modalitate lehiakor bat da. Gidariak zakurrarekin pista bat egin behar du oztopoak saihesten, ahal bezain fite eta garbien pasatzen. Zakurrak sokarik eta lepokorik gabe joan behar du eta ezin zaio saririk eraman pista egin bitartean. Gainera, gidariak ezin ditu oztopoak eta zakurra ukitu.

Nola hasi zineten kirol honekin?

Kasualitatez hasi ginen. Adi konfinamendua baino aste pare bat lehenago adoptatu nuen eta kanpora ateratzen hastean, arazo batzuk izaten hasi ginen. Mendian laxo eraman nahi nuen, baina lasterkariengana, bizikletetara…joaten zen. Laguntza eske, Usoa Urrutia hezitzailea ezagutu nuen, gaur egun gure irakasle, entrenatzaile eta laguna dena. Obedientziako gauzatxo batzuk ikasten hasi ginen, eta agility probatzea proposatu zidan. Gauza berriak ezagutzea gustuko dudanez, hantxe hasi genuen abentura hau. Hasieran ez nuen batere konfiantzarik, baina Usoak argi zuen, eta gaur egun arras eskertua nago ikasi eta bizi izan dudan guztiagatik.

Nolakoa da Adi?

Bi urteko zakur bihurri, grazioso eta argia da. Ama border collie arrazakoa du, aita ez dakigu, baina zakur ttikiren bat izanen zen ziur. Amaren izaera hartu zuen eta beti dago lanerako prest.

Erraz ikasi zuen?

Egia erran nahiko fite ikasi zuen, gehienetan niri kostatzen zait berari baino gehiago [irriz]. Gainera, zer egin behar duten ikastean, zakurrak gustura ibiltzen dira. Lehenbizi tuneletik pasatzen irakasten zaie, saritzat janaria erabiliz. Adiri aunitz gustatu zitzaion, eta lanerako gogorik ez duenean tuneletan ibiltzen da jostetan. Hala ere, orokorrean langile fina da eta arras ongi pasatzen dugu elkarrekin.

Aunitz entrenatzen zarete?

Astean bi egunez entrenatzen saiatzen naiz, baina beti ez dugu lortzen. Mutiloako Beloaran Txakur Eskolan entrenatzen gara. Ez da erraza zakurrarekin bueltaka ibiltzea eta aunitzetan ordutegiek ez dute laguntzen, baina horrelakoetan etxean egiten ditugu zenbait ariketa.

Zakurraren gidariak ardura handia du probatan?

Bai, alimalekoa. Talde lana da eta gehienetan zakurrak gaizki egiten badu, gidariaren akatsa izaten da. Txapelketetan zazpi minutu izaten dira pista ikusi eta ikasteko. Bueltaka ibiltzen gara, zakurrarekin hobekien nola egin imajinatuz. Denbora agortzean, zakurraren bila joan eta aukera bakarra dugu pista egiteko.

«Arras eskertua nago ikasi eta bizi dudan guztiagatik»

Ainara UNANUA ARIZMENDI

Kantabrialdean otsailean egindako lehiaketan lehen postua lortu duzue…

Bai, ez nintzen esperantza aunitzekin joan, baina gure lana egitera atera ginen. Ni lasai nitzen, eta Adi lanerako gogoz, eta horrek lagundu zigun. Galtzeko deus ez genuenez, gure hoberena ematera atera ginen eta hara non Adik pista on bat oparitu zidan. Oinarrizko mailan gaudenez, helburu xumeak ditugu, ez podiumera igotzea; Adirendako nik baimena eman arte geldirik mantentzea eta niretako aginduak garbi ematea. Hala ere, irabazteak aitzinerat egiteko animatzen gaitu.

Edozeinek egin dezake kirol hau?

Bai doike! Egia da zakurrak oinarrizko obedientzia izan behar duela, esertzea edota geldirik egotea, baina agilityko gauzak guttinaka ikasten dira, bai zakurrak baita gidariak ere. Hobe zakurra gazterik hasten bada, pertsonekin pasatzen den bezala, adin batetik goiti lesio eta osasun arazo arrisku handiagoa baita. Beti ere zentzuz jokatuz, kirola egiterakoan guretako hartzen ditugun jarraibideak hartu behar dira zakurrendako ere.

Helburu zehatzik baduzue?

Hasieratik izan dudan asmo berarekin segitzen dut; elkarrekin ikasten segitzea eta ongi pasatzea. Betitik gustatu izan zait talde kirola eta orain, bertze modu batean, talde kirolaren onenaz gozatzen ari naiz. Zati hau probestuko dut eskerrak emateko Usoa Urrutiari eromen honetan sartzera animatzeagatik; Beloaran Txakur Eskolako denei zakurren mundu hau ezagutarazteagatik eta CD Indarkan klubari beraiekin lehiatzeko aukera emateagatik, pistan eta pistatik kanpo gozatu ederra hartzen ari baikara elkarrekin.

Sator Jator da Unanueren pertsonaia Ene Kantak saioan.

Honez gain, Ene Kantak haurrendako taldeko kidea ere bazara.

Bai, Ene Kantak taldeko kide izateko zortea dut eta Sator Jator dut lagunik hurbilena. Ezagunak dira taldearen abestiak eta oholtzan egindako lanak, baina nik telebistarako, ETB3rako egiten den programan parte hartzen dut. Pena da, inguruko jende aunitzek ezin baitu gure lana ikusi. Tamalgarria da Nafarroan egiten den lan bat Nafarroa osoan ez ikustea, batez ere haurrendako dagoen edukia ugariegia ez delako, alderantziz baizik.

Nola sartu zinen taldean?

Gaurgero hirugarren denboraldia dut Ene Kantak taldeko kide naizela. Jon Barberena zenari esker sartu nintzen taldean. Bera ere, egiten zituen bertze mila gauzen artean, Ene Kantak-eko kide baitzen. Arras eskertua nago nire izena eman zuelako eta berari esker hiru denboraldi gogor baina zoragarri bizitzen ari naizelako.

Lan handia suposatzen du?

Astelehenetik ortziralera aritzen gara lanean: gidoiak hartu, ikasi, entseatu eta grabatu… hau izaten da guti goiti-beheiti behin eta berriz errepikatzen duguna. Grabaketak batzuetan platoan egiten ditugu, bertze batzuetan eskoletan. Telebistan pertsonaiak bakarrik ikusten dira, baina gibeletik kristoren lantaldea dago eta kameren gibeleko lana zein garrantzitsua den atzentzen dugu maiz.

Leku aunitzetan ibili zarete?

Aitzineko denboraldian, pandemiaren erruz, ezin izan ginen eskoletara hurbildu eta horregatik Euskal Herriko hainbat museo eta lekutan ibili ginen, baina bueltan gara berriz eskoletan. Hilabetean behin, aste oso batean, Euskal Herriko eskoletan ibiltzen gara eta hor sentitzen dugu haurren berotasuna. Platoko lana erosoagoa da, baina eskoletan haurrengandik hartzen denak ez du parekorik.

«Heldutasunera ailegatzean balio batzuk atzentzen ditugu»

Ainara UNANUA ARIZMENDI

Garrantzitsua da haurrendako euskarazko edukiak sortzea?

Dudarik gabe! Gaur egun, Internetekin hain eskura ditugun bideo eta eduki gehienak erdaraz izaten dira eta haurrek, azkenean, bertan ikusitakoa islatzen dute. Jolasak erdaraz egiten dituzte, dituzten eredu horiek imitatuz. Horregatik, eredu, abesti edo bertze edozein eduki euskaraz hartzen badituzte, haiek ere euskaraz bizitzera errazago ohituko dira, eta ez dute hain erraz atzenduko.

Kantekin balioak ere transmititzen dituzue…

Saiatzen gara balioak eta era guztietako gaiak haurren ikuspuntutik lantzen. Horretarako, lehen aipatutako kamera gibeleko lantalde horren parte ditugu gidoilariak, adibidez, gai hauek ahalik eta hobekien azaldu ahal izateko. Egia erran, haiei esker eta Sator Jatorrekin, berriz ere haurtzarora bidaia egiten dut kasik egunero. Honi esker, nik ere balioak, trasmititzeaz gain, hartu egiten ditut, heldutasunera ailegatzen garenean gauza batzuk atzentzen baititugu. Aunitzetan, nahiz eta teoria zein den jakin, ez dugu praktikan jartzen.

Zer da lan honetatik gehien gustatzen zaizuna?

Euskaraz lan egitea, aktore lana, lantaldea, haurrek ematen duten berotasun eta energia… Ez da erraza gauza bakarra aukeratzea.

Etorkizunera begira, zein asmo dituzu?

Ez zait gustatzen etorkizunera sobera begiratzea, baina zerbait erratekotan, etorkizunean zoriontsu izatea da nire helburua; euskara lagun, Adi eta zakurrak ondoan, kirola egiten… ahal dela Baztanen eta hurbileko jendearen berotasunarekin.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun