Baztango Udalak 2022ko 10.076.434 euroko aurrekontua onartu du gaur goizean

Ttipi-Ttapa 2022ko mar. 10a, 13:30

Argiteria publikoaren aurrekontua nabarmen igan da 2022an. Argazkia: Ondikol

EH Bilduk, Ezkerrak eta Gero Baik aurrekontuaren alde bozkatu dute, Navarra Sumak kontra

Gaur goizean egindako ez ohiko osoko bilkuran, Baztango Udalak 2022ko aurrekontuak onartu ditu. EH Bilduren, Ezkerraren eta Geroa Bairen aldeko 10 boto eta Navarra Sumaren aurkako hiru izan ditu.

Aurrekontu orokorrak Udalaren, ikastolaren, zahar etxearen eta Lixuraren aurrekontuak biltzen ditu, 10.076.434 euro guztira. Udalaren aurrekontua 9.099.962 eurokoa izanen da, ikastolarena 948.700 eurokoa, zahar etxearena 142.772 eurokoa eta Baztan Lixura udal garbiketa enpresarena 229.723,82 eurokoa. Horretaz gain, Giltxaurdi enpresa publikoaren aurrekontua 427.501,55 eurokoa izanen da, baina merkatuko enpresa denez ez da aurrekontu orokorraren barnean sartzen.

Aipagarria da argiteri publikoaren aurreikuspenean izandako handitzea, iazko 150.000 eurotatik aurtengo 285.000 eurotara, baita udal eraikinetako aurrekontua, iazko 85.570 eurotik aurtengo 141.500 eurotara. Nafarroako Gobernuaren ekarpena ere nabarmentzekoa da, 500.000 eurotan handitu baita.

Inbertsioei dagokienez, 1.573.436 euro bideratuko ditu Baztango Udalak, horietatik 991.001 euro Nafarroako eta Estatuko Gobernuaren gain eta gainerakoa, 582.435 euro, udalaren kontura. Inbertsio aipagarriena karriketako argiteriaren aurrezpen energetiko eta ekonomikoarena da, 550.000 euroko aurrekontuarekin. Europako Next Generation funtsak %85ean finantzatuko du. Aipatzekoak dira ere joan den urteko abenduko erauntsiekin sortutako kalteak, emergentziazko konponketek 288.694 euroko inbertsioa ekarri baitute, horren %70,25a Nafarroako Gobernuak diruz lagundua.

Aipagarriak diren bertze hainbat inbertsio eginen dituzte aurten: herri-lurrak digitalizatzeko 5.000 euro, haur eskolako konponketak 15.000, Arizkungo komunak 33.500, Erratzuko edateko uraren sistemaren berritzea 33.500, eskoletako inbertsioak 63.500, Elizondoko eskolako eta Gartzaingo eskolako jolastokiak 40.000, nekazaritzako azpiegiturak 58.200, oihanetako lanak 143.200…

Baztango Udalaren zorpetze maila sarrera arrunten %31,03koa da, hau da, 2.810.631,97 eurokoa, «legeak finkatzen duen %110eko mugatik urrun».

Aurrekontuen hasmentako onespena emanda, aldizkari ofizialean argitaratuko dute eta jendearen aitzinean egonen da 15 egunez, alegazioak aurkeztu ahal izateko. Horren ondotik, behin betiko onartuko dute.

Aurtengo udaleko plantilla organikoa

Aurrekontuez gain, bilkuran 2022ko udal plantilla organikoa onartu dute, berrikuntza aipagarriena izanik langile-kudeaketarako teknikari postuaren sorrera. EH Bilduren eta Ezkerraren aldeko zortzi boto izan ditu proposamenak. Navarra Sumako hiruek ezezkoa eman diote eta Geroa Baiko biak abstenitu dira.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun