Baztango Talde Ekosozialak Ahetzera egin zuen ateraldia joan den larunbatean

Ttipi-Ttapa 2022ko mar. 10a, 11:30

Herri izartsuen proiektua ezagutu zuten bertan

Argazkia eta testua: Baztango Talde Ekosoziala

Baztango Talde Ekosozialak bisita bat antolatu zuen joan den larunbatean, martxoaren 5ean, Ahetzera. Helburua argiteria publikoaren itzaltze-neurriak ezagutzeko proiektu bat bisitatzea zen, herri izartsuen proiektua ezagutzea. Lapurdiko herria proiektu horren partaide da, eta ondorioz, gaueko 0:00etatik 6:00etara farola eta argi publiko guztiak itzaltzen ditu. Proiektuak argi-kutsadura murriztea du helburu eta honek, zeharka, bertze onura hauek dakartza: jendearen loa errazten da, gaueko animalien bizitzan gutxiago eragiten da, izarrak argiago eta gehiago ikusten dira... Argia ez xahutzeak onura ekonomikoak ere badakartzan arren, garrantzitsuenak zerrendan aipatutako horiek dira.

Proiektuaren nondik norakoak azaltzeko Ahetzeko udalbatzaren izenean zenbait ordezkarik taldean bisitan joandakoei harrera egin, proiektua xehetasunez azaldu, galderak erantzun eta herrian barna bisita bat antolatu zuten, egitasmoaren eraginak azaldu asmoz. Baztandarren balorazioa arras positiboa izan zenez, baliteke etorkizun hurbil batean bizi garen bailaran ere iparraldeko bizilagunen eredua kopiatzea, ez duzu uste?

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun