Arizkungo harrobiaren proiektuaz

Baztango ordezkariak Nafarroako bi kontseilarirekin bildu dira Arizkungo harrobiaren kontra daudela adierazteko

Ttipi-Ttapa 2022ko mar. 10a, 09:00

Pello Sarratea (Almandozko alkatea), Imanol Etxeberria (Arizkungo alkatea), Joseba Otondo (Baztango alkatea), Florentino Goñi (Baztango udal zinegotzia), Jeronimo Jauregui (Almandozko herritarra) eta Mitxel Etxenike (Arizkungo herritarra) Irujo eta Aierdi kontseilariekin bildu ziren atzo arratsaldean

Bilkuraren helburua Canteras Acha enpresak Almandozen eta Arizkunen egin nahi duen zundaketei buruz «herritarrok dugun kontrako jarrera ezagutaraztea eta sartu diren helegiteak kontuan hartzeko eskatzea» izan da. Gainera, Arizkungo alkateak hurrengo gutuna helarazi die bi kontseilariei:

«Arizkungo herriaren izenean zuzentzen naiz zuengana.

Estatuko aldizkari ofizialaren (B.O.E.) bidez jakin genuen Aintzialde eta Bergara auzoetan zundaketak egin nahi dituela Canteras Acha S.A. enpresak, burdin-harria dagoen edo ez jakiteko eta hala bada, harrobi bat egiteko.

Hori jakin bezain fite herriko batzarra egin genuen herritarrak informatzeko, genekien gutti horren berri emateko eta aldi berean herriaren iritzia biltzeko. Horretarako bertze batzar bat deitu genuen jendeak bere iritzia bozaren bidez eman ahal izateko. Bigarren batzar horretan Arizkunek argi utzi zuen: ez dugu harrobirik nahi, ezta zundaketarik ere.

155 herritar bildu ginen eta bakar batek ere ez zuen dudarik izan harrobiaren kontra egiteko. Arizkungo batzarraren %100ak ez du Aintzialde eta Bergara auzoetan harrobi bat egoki ikusten. Honez gain, herritarren erroldaren gehiengoak ere proiektuaren aurkako helegiteak sinatu ditu. Gure herria proiektu honen aurka egoteko arrazoiak aunitz dira: inguru horretan 12 etxebizitza eta familia daude, hainbat abeltzaintza-ustiategi, mahasti ekologikoak, lanpostu ugari, Principe de Vianak babestutako Bergarako Jauregia, borda aunitz, iturriak eta auzoa hornitzen duten ur-biltegiak, basoak eta abar.

Herritarren iritzi irmoa ikusirik, Baztango Batzar Nagusiari ere babesa eskatu genion. Hemen ere, aho batez onartu zen Arizkungo herriari babesa emanez, zundaketa eta harrobia egitearen proiektuari ezezkoa ematea.

Arizkundarrak beraz, gure lana egiten ari gara nekazal, lan eta bizitoki eremua den hori dagoen bezala uzteko eta defendatzeko. Orain sortu den arazo honekin akitzeko eskatu nahi dugu.

Idatzi honen bidez beraz, Arizkungo herritar guztien izenean, herritarroi babesa emanez, zundaketa zein harrobiaren proiektu hau ez babestea eskatzen dizuegu, baita gure hitza eta erabakia errespetatzea ere».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun