Pala profesionala utzi du Xabier Ibargarai erratzuarrak

Ttipi-Ttapa 2022ko mar. 10a, 08:00
Hamalau urteko ibilbide oparoaren ondotik, pala profesionala utzi behar izan du Xabier Ibargarai erratzuarrak. Argazkia: Oskar Martinez (Deia)

Hamalau urte profesionaletan eman ondotik, hatz ttikian izandako kolpe baten ondorioz utzi behar izan du

Pala profesionalean ari zen nafar bakarra zen Xabier Ibargarai Iribarren (Erratzu 1985/10/09). Baina 2021eko ilbeltzean hatz ttikian izandako lesio baten ondorioz ez zuen jokatzen eta pala uztea erabaki du. «Profesional gisa 14 urte zoriontsu izan dira, nire maila erakutsi dut, irabaz daitekeen guztia irabazi dut eta, batez ere, nire ametsa bete dut» aipatu du. «Azken batean nire hobby batetik bizimodua atera ahal izan dut eta, alde horretatik, pribilegiatua sentitzen naiz».

2021eko ilbeltzaren 8an jokatu zuen bere azken pala partida Ibargaraik. Aste batzuk beranduago etxean ari zela mailuarekin hatz ttikia kolpatu eta geroztik, han eta hemen lesioa sendatzen saiatu arren, ez du palan jokatzerik izan. Innpala enpresarekin akordio batera ailegatu eta pala profesionala uztea erabaki du, 2008an debutatu zuenetik palmares polita osatu ondotik: binakako hiru txapel, buruz buruko bi (bigarren mailakoa eta txapel nagusia) eta nazioarteko hiru open irabazi ditu, baina batez ere, buruz buruko final gehien jokatu dituen atzelaria izan da: sei, guztira. «Juan Pablok ere sei jokatu ditu, baina ez du txapela lortzerik izan, nik bat badut», aipatu digu. «Eskuz bezala, palaz ere aurrelariek abantailatxoa dute buruz buru, baina moldatu gara eta lortu dugu hor ibiltzea».

2019ko buruz buruko txapela, urtetako lanaren sari preziatua

Horien artean, bereziki 2019ko buruz burukoa gogoan du: «Urtetako lanaren emaitza izan zen, hainbertze sakrifizioren ondorioa. Gazteagoa nintzenean gurasoek astean bitan eramaten ninduten Iruñera entrenatzera… Gainera, 2018an lesioa izan nuen eta maila onean bueltatu eta irabazi nuen. 2013an Miki Laskoitirekin irabazi nuen opena ere gogoan dut. Jubenil mailan nire bikotea izan zen, profesionaletan jokatzera gonbidatu zuten eta ilusio berezia egin zidan berekin irabaztea». Momenturik txarrena 2011 izan zela ere gogoan du, «enpresa desagertu eta urtebete egon ginen jokatu gabe eta diru-sarrerarik gabe».

Profesionaletan aritzeari utziko badio ere, ez du erabat pala bazterrean utzi nahi erratzuarrak. «Harrak hor segitzen du eta posible dudan bitartean, denbora baldin badut hor segituko dut. Donostiako Real Sociedad taldekoekin solastatu dut eta beraiekin entrenatzeko asmoa badut eta maila hartzen badut, beraiekin jokatuko nuke».

Urrian Biarritzen jokatuko den Munduko txapelketa gogoan

Munduko pilota txapelketa urrian jokatzekoa da Biarritzen eta zail ikusten badu ere, ez du erabat baztertzen bertan jokatu ahal izatea. «Profesional eta afizionatu mailan gehiena irabazi dut, baina irabazteko falta zaidan bakarra munduko txapelketa da. 22 urtez beheitikoan aritu nintzen, baina Munduko txapelketa nagusia falta zait. Pastelaren ginda izanen litzateke eta munduko txapelketa irabaztea erronka da niretzat, baina ez dut nire burua estutu nahi, mantso-mantso. Entrenamenduak maiatz bukaeran hasiko direla aipatu dit hautatzaileak eta ikusiko dugu. Lehenik maila berreskuratu beharko nuke. Denbora bada, etortzen bada ongi eta ez bada etortzen ere segi aitzinera, gauza garrantzitsuagoak ere baditut, familia hor dut, 5 eta 3 urteko seme-alabak eta hor ere bada lana…», dio Ibargaraik.

Baztango pala eskola sortzeko nahia

Josetxo Huarterekin batera Baztanen pala eskola sortzeko nahian ere badabil Xabier Ibargarai. «Jendea falta dugu… hiruzpalau lagun ari gara lanean eta kluba sortzeko jende gehiago behar da. Ea denen artean zerbait egiten dugun. Gure inguruan eskuz aritzeko afizio handia dago, baina gero, 15-16 urterekin eskuak hondatzen zaizkien pilotari horiek ez dute bertze aukerarik. Palaz aritzeko aukera hori eman nahi diegu inguruko neska-mutikoei. Norbait animatzen bada aski du gurekin harremanean jartzea».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun