Elkarretaratzea egin dute Benito Menniko langileek gaur eguerdian

Ttipi-Ttapa 2022ko mar. 9a, 19:30

Ospitale zentroko langileak «lan hitzarmenaren alde borrokan» ari dira

ELA sindikatuaren bidez, langileek enpresaren «arduragabekeria eta errespetu falta» salatu dute, «plataforman eskatzen ditugun edukiei ez heltzeaz gain, ez duelako deus negoziatzeko inolako asmorik». Enpresaren helburu bakarra «etekin kuotari eusten segitzea» dela adierazi dute, «plantillaren lan baldintzen kontura».

Lantaldeak «emakume aurpegia» duela oroitarazi dute, «kolektibo prekarizatu aunitzek bezala, eta kolektibo hau ere hala da». Urteko «18.200 euroko guttieneko soldata bermatzea» eskatu dute, baita soldaten igoera ere, «genero arrakala eta gainerako zaintza sektorearekiko arrakala ttikitzeko». Lanaldi murrizketa nahi dutela aldarrikatu dute, «gaur egun asteko 35 orduen 100 ordu gainetik gaudelako urtean». Arrisku plusa ezartzea, bajak osatzea, uztartze neurriak hartzea eta sexu-jazarpenerako protokoloak jartzea ere eskatu dute, bertzeak bertze.

«Osasun mentaleko gaixotasunak dituzten pazienteekin lan egiten ari garela kontuan hartu behar da», eta erasoen kopurua eta larritasuna «areagotu dela» adierazi dute, hortaz, langileak «babesik gabe» sentitzen dira.

Lan baldintza prekarioetan «zerbitzu on bat eman ezin dela» salatu dute, eta «hitzarmen kolektibo bat lortu arte borrokatuko» dutela adierazi dute. Hau lortzeko, elkarretaratzeak eginen dituzte asteazkenero 14:30etik 15:30era zentroko atean, eta martxoaren 25ean manifestazioa eginen dute Elizonoko plazan 18:00etan.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun