Elizondoko Benito Menni ospitale zentroko langileek mobilizazio deialdiak egin dituzte ELA sindikatuaren bidez, «enpresak ez duelako inolako asmorik hitzarmena negoziatzeko». Gainera, langileen «lan baldintza txarrak» hobetzea eskatu dute, eta plantillan dituzten «arazo larriak» salatu dituzte. Horregatik erabaki dute mobilizatzea eta «gure eskubideen alde borrokatzea».
Asteazkenero elkartuko dira Benito Menniren atean, martxoaren 9an hasita, 14:30etik 15:30era. Honez gain, martxoaren 25ean Elizondoko plazan 18:00etan manifestazioa egiteko asmoa dute, «gure aldarrikapenak gizarteratzeko». Jendartea mobilizazioetara eta manifestaziora agertzeko animatu dute, langileei elkartasuna adierazteko.