Nafarroako Gobernuak saihesbidea gurutzatzeko oinezkoendako pasabidea eraikiko du Lekarozen

Ttipi-Ttapa 2022ko mar. 3a, 18:00

Pasarelak 6 metroko altuera eta 30 metroko luzera izanen du

N-121-B errepideko saihesbidea gurutzatzeko pasabide bat egiteko proiektua onartu du Bernardo Ziriza Lurralde Kohesiorako kontseilariak foru agindu batean. Lekarozko errotondan eginen dute pasarela, 48+200 kilometro puntuan, eta oinezkoendako eta bizikletendako prestatua egonen da.

Obra Publikoen eta Azpiegituren zuzendariak, Pedro Andres Lopez Verak, Baztan bisitatu zuen pasa den urtean, hainbat azpiegituretako arazoak aztertzeko Otondo alkatearekin, horien artean Lekarozko zebra-bidearena. Hainbat hilabeteren ondotik, Nafarroako Gobernuak konponbide bat jarriko dio. Metalezko pasabidea 6 metroko altueran egonen da errepide gainetik eta 30 metroko luzera izanen duela aurreikusi dute, 2,50 metroko zabalera eta 2,55 altuerarekin.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun