2021eko urriaren 4tik apirilaren 29ra arte erakusketa ibiltaria antolatu du Setem erakundeak, Arropa Garbien kanpainako jardueren barruan. Nafarroako hainbat liburutegitan ibili ondotik, Elizondora ailegatuko da heldu den astelehenean eta bertako liburutegian izanen da hilaren 18ra arte.
Myriam Cameros artista nafarraren panelak eta Setem elkartearen gogoetak biltzen ditu erakusketak, «arazo estruktural eta sistematikoa izan arren, normalean ikusezin eta normalizaturik dauden kontsumoa eta indarkeria matxistaren arteko harremanak» ezagutzeko.
Honez gain, martxoaren 16an 17:30etik 19:30era 'Emakumeak fabrikatzen' bideo-foruma izanen da liburutegian. Interesatuek izena eman beharko dute martxoaren 15a baino lehen bertara joateko. Hilaren 18an, berriz, haurrendako 'Laika, beldar ausarta' kamishibai antzerkia eta tximeleta tailerra eginen dute, leku berean, 17:00etan. 4-9 urte bitarteko haurrei dago zuzendua tailerra eta plaza mugatuaz izanen dituenez martxoaren 17a baino lehen eman beharko da izena.