Ricardo eta Javier Zabalza Elorga omendu dituzte Erratzun asteburuan

Ttipi-Ttapa 2022ko mar. 1a, 19:00

Abel Zabalzak, Ricardoren semeak, omenaldian parte hartu zuen

Argazkiak: Ondikol

Erratzuko Sumusua etxean sortuak, Ricardo eta Javier Zabalza anaiek gaztetan utzi behar izan zuten sorterria. Ricardo Lurreko Langileen Federazio Nazionaleko UGTko Idazkari Nagusia izan zen, diputatu sozialista eta Valentziako gobernadore zibila, Javier, berriz, militante sozialista. Frankistek fusilatu zituzten biak, 1940an Ricardo Madrilen eta 1936an Javier Escon.

Otsailaren 26an, larunbatean, Erratzuko plazan egin zuten omenaldia, eguerdian. Hainbat herritar elkartu ziren eta Ricardo Zabalzaren semeak, Abel Zabalzak, bertan parte hartu zuen.

Kaiet Itoiz Erratzuko alkateak eta Joseba Otondo Baztango alkateak haien bizipenak oroitu eta goraipatu zituzten, eta herriko gazteek Sagardantza dantzatu zuten. Ondotik, Abel Zabalzak gereziondo bat landatu zuen plazan, aitak bere azken gutunean eskatu bezala, eta eskerrak eman zizkien Baztango Udalari, Erratzuko Herriari eta Emilio Majuelori, bere aitari buruzko La generación del sacrificio liburua idatzi zuen historialariari. Ekitaldia akitzeko, aurreskua dantzatu zuten eta luntx eder bat izan zuten.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun