Ahetzera ateraldia antolatu du larunbatean Eskola Ekosozialak karriketako gehiegizko argiztapenaz aritzeko

Ttipi-Ttapa 2022ko martxoaren 1a

Martxoaren 5ean eginen dute ateraldia, 09:00etan Elizondoko plazatik

Ahetzera ateraldia antolatu du Baztango Eskola Ekosozialak bertako ekimen berri bat ezagutzeko. Frantzian, «karriketako gehiegizko argiztapenaz eta gaueko ingurugiroaz kezkaturik 'Herri izardunak' labela sortu zuen Frantziako zeruaren eta gaueko ingurugiroaren aldeko elkarteak. Gaueko argiztapena murrizteko ahalegina egiten duten udalak saritzen ditu elkarteak, gaueko gehiegizko argiztapenak arazo ekologikoak eta osasun arlokoak sortzen baititu».

Ipar Euskal Herrian Ahetze da 'Herri izardunak' labelarekin ari den lehen udalerria, horregatik, «egitasmo horren berri lehen eskutik izateko» antolatu dute ateraldia. Bisitaldian, Ahetzeko udaleko ordezkariekin eta herriko eragileekin bilduko dira. Bertan, «00:00etatik 06:00etara argi guztiak itzaltzen dituzte, argiztatzeko modua aldatu dute, energia guttiago kontsumitzen duen azpiegitura paratu dute... Horren ondorioz, faktura energetikoa ttikitu dute, eta hontzak herrigunera itzuli dira».

Gaiari buruz interesa duten herritar guztiendako irekia dago ateraldia eta izena eman nahi duenak 680 155 076 telefonora dei dezake edo antolakuntza@eskolaekosoziala.eus helbidera idatzi. Ateraldia larunbat honetan izanen da, martxoaren 5ean. Elizondoko plazatik 9:00etan aterako dira eta Ahetzen 10:00etan izanen dute hitzordua.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun