Nasuvinsak Oronoz-Mugairiko lau etxebizitza birgaituko ditu bazterketa arriskuan dauden pertsonak hartzeko

Ttipi-Ttapa 2022ko mar. 1a, 09:00

Lanak Bidezainen etxeetan egiten ari dira eta Etxebizitza Sozialerako Nafarroako Funtsaren barnean hasi dituzte

Lurralde Antolamenduko, Etxebizitzako, Paisaiako eta Proiektu Estrategikoetako Departamentuak proiektua berria abiatu du Oronoz-Mugairiko Bidezainen etxeetan. Nasuvinsak lau etxebizitza birgaitzeko lanak hasi zituen atzo, Martin Urrutia karrikan, eta 305.000 euroko inbertsioa egin dute. Etxeen barnealdeak egokitu eta zaharberrituko dituzte, lau pisuetatik bortz pisuetara zabalduz. Etxebizitza hauen helburua bazterketa arriskuan dauden pertsonak hartzea izanen da.

Lanak Varazdin Empresa de Inserción Sociolaboral enpresari esleitu dizkio Nasuvinsak eta 152 eguneko epea dute burutzeko. Lehenbiziko eta bigarren solairuko bi etxebizitza birgaituko dituzte, eta bigarren solairuko espazioa birbanatuko dute hiru etxebizitza egin ahal izateko bertan.

Lehen solairuko etxebizitzak 89,71 metro karratu izanen dituzte, atondo, egongela, sukalde, hiru logela, bi bainugela eta balkoiarekin. Bigarren solairuan, berriz, batek 66,40 metro karratuko azalera izanen du, hiru logela eta bi bainugelekin. Bertze biak, berriz, 55,70 eta 55,20 metro karratu izanen dituzte, bi logela eta bainugela bakarrarekin bakoitza.

Bortz etxebizitzak eraginkortasun energetiko altukoak izanen dira, fatxadaren eta pareten isolamendu termikoari esker. Iturgintza-lanak, instalazioa elektrikoa, kontadoreak eta telekomunikazio sarea berrituko dituzte, eta etxebizitza bakoitzari aerotermia bidezko berogailu-sistema berria eta ur-horniketa paratuko diote.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun