Urtero bezala (iaz ez bertzerik) baserritarrez beztituak goizeko 10:00etan egin zuten hitzordua haurrek etxez etxe ibiltzeko puxkak biltzen: xixtorra, xingarra, arroltzeak eta esnea. Oihan eta Maider herriko musikariek alaiturik, hiru ordu pasatu zituzten etxez etxe, puxkak biltzeaz gain etxeetan prestatutakoa jaten.
Bazkalaitzinean silla dantza eta zartagin dantza egin zuten. Gorputza pitta bat mugitu ondotik bazkaltzera joan ziren elkartera haur, gazte, heldu... hogeita hamabortz lagun. Urtero bezala, Roxario eta Doritak prestatu zuten otordu goxoa jan ondotik, frontoirat itzuli ziren jostetak egitera. Jostetan ere hiru ordu pasa aritu ziren, eta akitzeko oilar harrapaketa izan zuten. Aurten gainera, berrikuntza gisa, egiazko oilarra beharrean, txokolatezko oilarra izan genuen Anizen. Orbarak harrapatu zuen.
Jostatu, oilarra harrapatu, dantza pitta bat egin, eta berriz ere elkartera etxez etxe bildutako puxkekin egindakoa jatera. Giroa eta eguraldia lagun, ezin hobe pasatu zuten eguna aniztarrek.