Joan den urtean inauteririk gabe egon ondotik, gogotsu ospatu dituzte aurtengo inauteriak elizondoarrek. Ortzirale goizean hasi ziren, gazteen puska-biltzearekin etxez etxe. Arratsaldean haurren txanda izan zen, bi eskoletako ikasleek beheitiko karrika mozorroz bete zuten eta merendua hartu zuten plazan. Ilunabarrean, berriz, danbor soinuak aditu ziren herri guzitik barna. Bestak larunbat goizean segitu zuen, ohikoa den bezala kuadrillen desfilearekin. Era guzietako mozorroak aurkeztu zituzten, Santiago karrika jendez betetzen aspaldiko partez.