Erdizko meategiaren proiektuaz

Erdizko proiektuari buruzko galdeketa egiteko espedientea onartu du Baztango Udalak

Ttipi-Ttapa 2022ko ots. 25a, 10:00

Espedienteak aldeko 10 boto eta hiru abstentzio izan ditu bilkuran

Atzo egindako ohiko osoko bilkuran, udalbatzak Erdizko galdeketaren espedientea onartu zuen, Nafarroako Gobernuari igorriko diotena Espainiako Gobernuari bidali diezaioten, «azkeneko hau baita galdeketak baimentzeko ahalmena duena». Espedienteak EH Bilduren, Ezkerraren eta Geroa Bairen aldeko 10 boto izan ditu eta Navarra Sumaren hiru abstentzio. Galdera Batzar Nagusiak aurtengo urtarrileko batzarrean finkatu zuen eta hurrengoa izanen da; Erdizko herri-bazkalekuaren okupazioa Magnari baimentzearen alde zaude?

Magnak egin nahi duen proiektua herri-lurretan eginen litzateke, «orain artio herritarrek erabiltzen ahal dituztenak». Horregatik, espedienteko txosten juridikoak adierazten du «udalerriko eskumen baten aitzinean gaudela eta, ezbairik gabe, Erdizko lurrak aprobetxatzen dituzten eta ez dituzten herritarren interesekoa, egitasmoak edukiko duen ondorio sozial, ekonomiko eta ingurumen aldetikoarengatik».

Espedientea onartuta, bortz eguneko epean bidali beharko diote Nafarroako Gobernuari, Espainiakoari bideratu diezaion.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun