Beartzungo gazteek inauteriak ospatu dituzte lehenbiziko aldiz 25 urtetan

Ttipi-Ttapa 2022ko ots. 23a, 09:30

Elizondoko Beartzun auzoko gazte kuadrillak argazkia eta hurrengo testua bidali dizkio TTIPI-TTAPAri.

Duela 25 urte inguru ez zirela Beartzunen inauteriak ospatzen. Blusek hautsa hartua zuten jada.

Duela denbora batetik pentsatzen aritu ginen berriro berreskuratu nahi genituela eta aurten, gazte talde bat elkartu, eta ideiarekin aitzinera segitu dugu. Auzoan ia gazterik ez zegoelako utzi ziren inauteak egitetik, eta orain haien seme-alabak gara berreskuratu ditugunak. Bilera batzuk egin genituen gauzak nola egin adosteko, eta denentzako txano berdin bat eta guzti egitea okurritu zitzaigun. Txanpiñoi kuadrilla irudi genuen…

15 gazte elkartu ginen 9etan Etxeberrin eguna gosari eder batekin hasteko, hau baitzen lehenagoko auzoko elkargunea. Gosariaren bukaeran gasna eder bat jaten ari ginela konturatu ginen gasna pisatzearen jokoa (gasna bat hartu eta zer pisu duen erratea) egiteko ekarri genuen gasna jaten ari ginela … Enfin

Hortik, bertze baserrietara abiatu ginen, denetara 11 baserritatik pasatuz. Olaia eta Irati Elizalde izan genituen gure lagun egun guztian, beraien musikarekin etxe guztiak alaituz. Eta, bai, 'bixipollum' izeneko bozgorailu bat ere etorri zen gurekin… Beartzungo ardiak harrituak Chill Mafiarekin eta baserritarrak perreatzen.

Bukatzeko, herrira jautsi ginen, eta afari eder batekin bukatu genuen eguna, batzuek lehenago, bertzeek beranduago.

Arras ongi pasatu genuen eguna eta dena primeran atera zen: Beartzungo baserri xarmantak barnetik ezagutu genituen, gutako bat errekara erori zen, soinujoleak bizkarra nekatu zuen maldetan goiti eta beheiti... Ederra da, bakardadez betetako garai hauetan, egun batez bederen, komunitatean egotea. Hurrengo urteetan inauteak egiten jarraitzeko gogoekin gelditu gara. Ah, eta gasna “erdiaren” jokoa Berrogaraiak irabazi zuen!

Aupa Beartzun!

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun