Erdizko meategiaren proiektuaz

Erdizko proiektua UGEP gisa tramitatu nahi dutela salatu du Erdiz Bizirik plataformak, baztandarren iritzia kontuan hartu gabe

Ttipi-Ttapa/Xorroxin 2022ko ots. 22a, 10:00

Enpresaren «itxurakeria» den prozesu parte hartzaileari boikot egitea eskatu diete baztandarrei

Erdiz Bizirik plataformak agerraldia egin zuen atzo, Magnesitas de Navarra enpresak Erdizen egin nahi duen proiektuari buruz solastatzeko. «2007an egin nahi zuten meategiaren proiektua herritarren mobilizazioei esker gelditu genuen. Geroztik, Magna multinazionalak hainbat trikimailu eta presio erabili ditu proiektu hori berreskuratu eta baztandarrei historikoki dagokigun herri-lurren kudeaketaren eskubidea urratzeko».

Proiektuak «gure kultura, bizimodua eta etorkizuna arriskuan jartzen dituela» adierazi dute, «ez dugu horrelako proiekturik inposatzea onartuko». Duela bi urte, Magnako zuzendaritza plataformako kideekin bildu zen, «eta proiektua ez zutela Udalez Gaindiko Eragina duen Plan gisa tramitatuko erran bazuten ere, berriki jakin dugu beren benetako asmoa zein den. Gezurra eta azpijokoa baliatuz, proiektua UGEP baten bitartez tramitatu nahi dute, Baztanen egin nahi den herri galdeketaren emaitza errespetatu gabe eta Baztango Batzar Nagusiaren eta Baztango Udalaren erabakitzeko ahalmena deuseztatuz». Honez gain, Magnak abiatutako prozesu parte hartzailea «itxurakeria» dela salatu dute.

Honengatik, hurrengoa eskatu diete baztandarrei eta bailarako instituzioei nahiz Nafarroako Gobernuari:

  • «Baztango herritarren eta Baztango instituzioen erabakitzeko ahalmena deuseztatzen duen prozesu parte hartzaile honi boikot aktiboa egitea. Alde batetik ez parte hartuz eta bertze aldetik, publikoki UGEP honen izaera bortitza salatuz».
  • «Baztango herrietako batzarrei, Batzar Nagusiari eta Udalari, inposizio honen aitzinean, Baztango herri-lurrak eta erabakitzeko ahalmena defendituz UGEParen tramitazioa geldiarazteko eskatzea».
  • «Nafarroako Gobernuari eta hura sostengatzen duten alderdi guztiei UGEParen tramitazioa bertan behera utzi eta herritarren borondatea errespetatzea».
  • «Herritar guztiei dei egiten diegu inposizio hau gelditzeko egin behar diren mobilizazio guztietan parte hartzera».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun