Laxoa Elkarteko Manu Irigoien eta Juan Mari Maia ez dira Euskal Herriko bigarren mailako pasaka txapelketako finalean izanen. Igandean jokatu zuten finalerdia Hiriburun (Lapurdi), bertako Ainhara elkarteko Franck Montau eta Jean Michel Urrutiren kontra eta galdu egin zuten, 13-7.
Laxoa Elkarteko bikoteak aukerak izan zituen partida irabazteko, arras ongi jokatu zuten, batez ere lehen zatian: 2-2, 3-4, 4-4, 5-6, 7-6, 9-7, 13-7. Garaipena azken zatian eskapatu zitzaien; hala ere, nahiz eta finalerdia galtzeagatik pena izan, kontent gelditu dira egin duten txapelketarekin, kontutan hartuz entrenatzeko aukera gutxiago dutela eta Iparraldeko pilotariek ohitura handiagoa dutela trinketean aritzeko. Txapelketa hau akituta, Laxoa Elkartekoak Lemoine Kopan (kanporaketak) parte hartuko dute.
Bertze finalerdian ere Hiriburuko Ainhara elkarteko bi bikote izan ziren aurrez aurre: Xabi Latxage eta Ludovic Laperguek 13-11 irabazi zieten Ludovic Urkia eta Lander Mendiolari.
Finala otsailaren 27an Itsasun
Irabazleek otsailaren 27an jokatuko dute finala Itsasuko trinketean (Lapurdi). 09:00etan jokatuko dute bigarren mailako finala Hiriburuko Ainhara taldeko bi bikoteek: Latxague eta Lapergue, Mountau eta Urrutiren kontra. 10:30ean lehen mailako finala ere bertan jokatuko dute: Azkaindarrak taldeko Lauren Albistur eta Francis Dutaret, Urruñarrak taldeko Christian Urkia eta Olivier Usarralderen kontra.