Inauteriak ohiko moduan ospatuko dituzte asteburuan Elizondon

Ttipi-Ttapa 2022ko ots. 23a, 11:00

Joan den urtean elizondoarrek ez zuten inauteriaz gozatzeko aukerarik izan, baina aurten berriz ere ospatuko dituzte

Pasa den astean herriko alkatea, kargudunak, ikastetxeetako gurasoak eta hainbat irakasle elkartu ziren, eta aurten inauteriak eta Orakunde egitea erabaki zuten. Ortzirale goizean gazteek puska biltzea eginen dute etxez etxe. Arratsaldean, berriz, bi eskoletako haurrek eginen dute agerraldia, ohikoa den bezala, Ikastolako parketik hasita plazaraino. Bertan merienda banatuko dute ikasleen artean. Iluntzean, 20:00ak aldera, danborrada abiatuko da herriko plazatik, Ruben Zigandak eta Arantxa Ziaurrizek zuzendua eta Elizondoko Musika Bandaren parte hartzearekin. Aurten, bakoitzak bere danborra eraman beharko du etxetik.

Larunbatean, berriz, ohikoa den kuadrillen desfilea eginen dute. Horretarako, 11:30ean hetsiko dute Santiago karrika eta eguerdi aldera hasiko dira herritarrak haien orgak eta mozorroak erakusten.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun