Hondakin organikoendako edukiontzi marroi gehiago paratuko dituzte Baztanen

Ttipi-Ttapa 2022ko ots. 15a, 19:00

Almandozen, Amaiurren, Arraiozen, Elbeten, Elizondon eta Erratzun paratuko dituzte edukiontzi berriak

Baztango Udaleko Hondakinen sailak hondakin organikoen kudeaketan bertze pauso bat eman du, birziklapen datuak hobetze aldera. Adierazi dutenez, «gai organikoa, ongi bereiziz gero, onura aunitz eskaintzen dituen hondakin frakzioa da: lurrera itzultzen ahal dugun kalitatezko emendakin organikoa eta energia lortzeko aukera ematen digu, ekonomia zirkularrerako aukera eskaintzen digu eta ingurumenaren zainketan eta aldaketa klimatikoaren aurkako borrokan aunitz suposatzen du, bertzeak bertze. Ez bereizteak aldiz, arazo larriak sortzen ditu, hala nola: negutegi efektuko gasen areagotzea, ur, lur eta airearen kutsaduraren handitzea, ongarri kimikoen erabileraren areagotzea, espazioaren okupazioa, etab.».

Baztango etxeetako hondakin poltsaren erdia gai organikoa da. Hau ongi kudeatzeko, edukiontzi marroi bidezko zirkuitua handituko dute ondoko egunetan, Elizondoko herriguneko puntu guzietara zabalduz, baita Amaiur, Erratzu, Elbete, Arraioz eta Almandozera ere. Edukiontzi hauetara gai organikoak bakarrik bota behar dira, betiere poltsan ongi hetsiak. Elizondoko edukiontziek tapa ttikiak dituzte, herrietakoak erabiltzeko, berriz, giltza eskatu beharko da.

Honekin, kontenedore berdeen erabilera murriztu nahi du Baztango Udalak, birziklatu ezin daiteken hondakinaren kopurua ttikitzeko. Gainera, Europatik markatutako 2017-2027 urte bitarteko planak zehazten dituen helburuak betetzea bilatzen dute.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun