Ilbeltzaren 1etik Lixura Baztan S.L. udalaren garbiketako enpresa publikoa lanean ari da eta administrazio kontseiluak 229.723,82 euroko lehen aurrekontua onartu zuen, 2022 urteari begira. Enpresa berriak Baztango eskolak eta mediku kontsultategiak garbitzeko udalaren agindua du, guztira 16 eskola eraikin eta 6 mediku-kontsultategi. Enpresak 11 langile ditu eta orain artio ari zirenak subrogatu ditu.
2019an hasi zuen udalak garbiketa zerbitzuak publiko egiteko prozesua eta egin beharreko prozedura juridiko eta administratiboak egin ondotik, azkenean lanean hasi dira. Prozesu honen helburua «zerbitzua eta laneko baldintzak hobetzea» da.
Kudeaketa publikoa berreskuratzeko prozesua
Udal zerbitzuen kudeaketa publikoa berreskuratzeko prozesua hasi du azken urteetan Baztango Udalak. 2012an Giltxaurdi enpresa publikoa sortu zuen udalaren kirol instalakuntzen kudeaketaz arduratzeko, gaur egun 13 langile dituena. Bertzalde, zahar etxea publifikatzeko lanean ari da, Zaintza Lanak Baztan S.L. sortzeko tramite administratibo eta juridikoetan. Honez gain, haur eskolaren kudeaketari buruzko azterketa ekonomikoa egiten ari da, zerbitzua publifikatzekotan lehendabiziko pausua izaten dena.