Euskal Herriko bigarren mailako pasaka txapelketako finalerdia jokatuko dute Laxoa Elkarteko Irigoienek eta Maiak

Ttipi-Ttapa 2022ko ots. 15a, 17:00
Irigoienek eta Maiak lortu dute finalerdietarako txartela.

Igandean Hiriburun ariko dira Montau eta Urrutiren kontra

Igandean jokatutako bederatzigarren jardunaldiarekin akitu zen Euska Herriko bigarren mailako pasaka txapelketako lehen fasea. Antxitonean jokatutako partidan, Laxoa Elkarteko Prim eta Sagasetak 13-11 iraazi zieten Baionako Aviron taldeko Borda eta Zamponi, baina bi bikoteak finalerdietatik kanpo gelditu dira. Senperen, berriz, Laxoa Elkarteko Manu Irigoienek eta Juan Mari Maiak irabazi egin zieten Lapeyre era Larroqueri. Finalerdietarako txartela lortu dute Irigoienek eta Maiak.


Finalerdia igandean Hiriburun

Igande honetan jokatuko dute finalerdia Manu Irigoienek eta Juan Mari Maiak Hiriburun (Lapurdi), bertako Ainhara elkarteko Frank Montau eta Jean Michel Urrutiren kontra. Bertze finalerdian ere Hiriburuko Ainhara elkarteko bi bikote izanen dira aurrez aurre: Xabi Latxage eta Ludovic Lapergue, Ludovic Urkia eta Lander Mendiolaren kontra ariko dira.

Finala otsailaren 27an Itsasun

Irabazleek otsailaren 27an jokatuko dute finala Itsasuko trinketean (Lapurdi). 09:00etan jokatuko den bigarren mailako final horren ondotik, 10:30ean lehen mailako finala ere bertan jokatuko dute.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun