Elizondoko Herriak Orakunde eguna eta inauteriak ospatzea erabaki du

Ttipi-Ttapa 2022ko ots. 15a, 11:30

Atzo ilunabarrean bildu ziren Aitor Bazterrika alkatea, kargudunak eta bi ikastetxeetako guraso elkarteak eta irakasleak

Segurtasun neurriak hartuta, Orakunde eguna eta inauteriak ospatzea erabaki du Elizondoko Herriak. Heldu den ortzegunean izanen da Orakunde, otsailaren 24an, eta Baztan Ikastolako eta Elizondoko Eskolako haurrak banaturik, lau zonatan eginen dituzte jokoak adinaren arabera. Plazan Haur Hezkuntzakoak izanen dira, Lehen Hezkuntzako lehen ziklokoak Iriarte frontoian, bigarren ziklokoak Baztan pilotalekuan eta hirugarren ziklokoak laxoako frontoian. Gainera zaharrenek, 5.-6. mailakoek, ohiko itzulia eginen dute Saskaitz plazatik abiatuta eta geldialdia eginen dute zahar-etxean. Taldeka eginen dituzte jarduera guztiak «aglomeraziorik ez sortzeko». 14:00etan bi ikastetxeetako haurrek Elizondoko jatetxeetan taldeka bazkaltzeko aukera izanen dute, eta izena emateko epea ireki dute.

Arratsaldean, eguraldi ona eginez gero, laxoako pilotalekuan elkartuko dira denak, estalperik gabeko frontoi handian, taldeetan banatuak oilarra harrapatzeko. Eguraldi txarra iragartzen badute, antolatzaileak berriz ere elkartuko dira erabakiak hartzeko. Akitzeko, merienda banatuko dute haurren artean eta horrekin emanen diote akabaila Orakunde egunari.

Inauteriak normaltasunez

Hurrengo egunean, ortziralean, bi eskoletako haurrek eginen dute agerraldia arratsaldean, eta orga bana aurkeztuko dute. Ohiko ibilbidea eginen dute, beheitiko ikastolatik plazaraino. Ttikienak joanen dira lehenbiziko, plazara ailegatzean segidan merienda hartzeko. Kozkorrenak gibeletik joanen dira.

20:00etan, berriz, helduen danborrada izanen da, Ruben Ziganda eta Arantxa Ziaurrizen gidaritzapean, eta Elizondoko Musika Bandak ere parte hartuko du. Aurten Elizondoko Herriak ez ditu danborrak utziko, bakoitzak berea etxetik ekarri beharko ditu. Larunbatean, urtero bezala, kuadrillen desfilea eginen dute. 11:30ean moztuko dute Santiago karrika eta elizondoarrek mozorroak erakusteko aukera izanen dute.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun