Baztango Udalak eta Erratzuko Herriak frankistengatik torturatuak eta fusilatuak izan ziren Ricardo eta Javier Zabalza Elorga erratzuarrak oroitzeko bi jarduera antolatu dituzte Erratzun.
Otsailaren 24an Ricardo Zabalzari buruzko mintzaldia eginen dute Etxelebert elkartean 20:00etan. Emilio Majuelo historialari eta NUPeko irakasleak emanen du solasaldia, Zabalzari buruz argitaratu zen La generación del sacrificio liburuaren autore dena.
Otsailaren 26an izanen da oroimen ekitaldia, bi anaien sorterriko plazan 12:00etan. Ekitaldian gereziondo bat landatuko dute, Ricardo Zabalzak bere azkeneko eskutitzean eskatu bezala, eta bertan parte hartuko du Abel Zabalzak, bere semeak.
Ricardo eta Javier Zabalza
Ricardo Zabalza Elorga Lurreko Langileen Federazio Nazionaleko UGTko Idazkari Nagusia izan zen, diputatu sozialista eta Valentziako gobernadore zibila, Javier, bere anaia, militante sozialista. Frankistek biak bortizki torturatu eta fusilatu zituzten, Ricardo Madrilen eta Javier Escon.