Alejandro Elizalde gogoratu dute Elizondon bere heriotzaren 75. urteurrenean

Ttipi-Ttapa 2022ko ots. 11a, 12:00

Etxahun Galparsorok eman zuen Alejandro Elizalderi buruzko solasaldia.

ELA sindikatuko eta EAJ-PNV alderdiko militantea izan zen, Cométe Sarea eta nazien kontrako borrokan lagundu zuen eta nazien kontzentrazio-esparruetan izan ondotik hil zen

Alejandro Elizalde Iribarren elizondarra gogoratu zuten otsailaren 10ean bere sorterrian, Memoria historikoa Irujo Etxea Elkartearen eta Sabino Arana Fundazioak antolatutako ekitaldian. Joan den abenduan egitekoa zen ekitaldia, Elizalderen heriotzaren 75. urteurrenean, baina hilabete batzuk gibelatu behar izan zuten. Etxahun Galparsorok, Euskal Herriko historia garaikidean espezializatutako erakundea den Lazkaoko Beneditarren Fundazioaren (LBF) dokumentazio-zentroko historialari eta artxibozainak, eman zuen hitzaldia. Alejandro Elizalderen bilobak, Isabel, Alberto eta Joaquin Elizalde Arretxea ere ekitaldian izan ziren.

Jende aunitz bildu zen Arizkunenea kultur etxeko ganbaran, Alejandro Elizalde zena gogoratzeko.

 

Bizitza gogorra izan zuen abertzalea

Alejandro Elizalde ELA sindikatuko eta EAJ-PNVko militantea 1946ko azaroaren 23an hil zen Kanbon. Elizondoko Puriosenean sortu zen, 1894ko otsailaren 9an, Ekonomia ikasi zuen Zaragozako Unibertsitatean, eta Donostiara joan zen bizitzera ikasketak akitu ondotik. Errepublika ailegatu zenerako, ELA sindikatuko eta EAJ-PNVko militantea zen eta Gerra Zibila hasi zenean, jeltzaleek osaturiko Azpeitiko Defentsa Batzordean aritu zen. Gipuzkoa galdu ondotik, Bilbora joan zen eta Euskadi autonomoa frankisten esku gelditu zenean, Eusko Jaurlaritzaren ardurapeko presoen askapenean parte hartu zuen.
Iparraldera erbesteratu zen eta jeltzaleen Donibane Lohizuneko bulegoan lan egin zuen. Orduan, Frantziako zerbitzu sekretuekiko harremanetan hasi zen, eta espioi frankistak neutralizatzen lagundu zien.
 Okupazioaren ondotik ere ez zen geldirik egon. Comète sarearekin jarri zen harremanetan, eta, aipatutako sare horren laguntzaz, mugara iristen ziren eraitsitako hegazkinlari aliatuei muga zeharkatzen lagundu ohi zien.
 1943ko uztailaren 13an, Gestapok atxilotu zuen komunista zela egotzita, eta abuztuaren 10ean Fresnesko espetxean zegoen. Orduan hasi zen Elizalderen bidaia Frantziako kartzela eta nazien kontzentrazio-esparruetan barrena: Rominville, Compiègne, berriro Fresnes, Mauthausen, Melk-eko Quarz eta Ebensee.
 1945eko maiatzaren 6an, soldadu aliatuek askatu zuten, baina ordurako arras motel zebilen. 1946an, medikuek tuberkulosia diagnostikatu zioten eta Kanboko erietxe batera eraman zuten urriaren 23an, bertan sendatzeko. Hala ere, ospitaleratu eta hilabetera hil zen tuberkulosiak jota, nazien kontzentrazio-esparruetan sufritutakoen ondorioz arras ahulduta zegoela.

 

Etxahun Galparsoro

Etxahun Galparsorok, Euskal Herriko historia garaikidean espezializatutako erakundea den Lazkaoko Beneditarren Fundazioaren (LBF) dokumentazio-zentroko historialari eta artxibozainak eman zuen solasaldia. Marcelino Bilbaoren (Bilbo, Mauthausen, Kritika, 2020) oroitzapenak idatzi ondotik, Hirugarren Reich-eko kontzentrazio-esparruetara egindako errepublikazaleen deportazioak ikertu ditu eta gai hori jorratuko du lantzen ari den doktoretza-tesian.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun