Pello Iriarte Zelaieta

«Ekitaldi kulturalek aunitz aberasten dute Irurita»

Ttipi-Ttapa 2022ko ots. 13a, 09:00
Hainbat lan egin dituzte herrian Pello Iriarte alkatetzan hasi zenetik, haien artean, gisu-labe bat garbitzen ari dira.

2021ean hartu zuen lehenbiziko aldiz Pello Iriarte Zelaietak Iruritako alkatetza. «Hasmentan ez nuen aurkezteko asmorik, baina herrian arazoak izan ziren, inork ez zuen aurkeztu nahi eta hilabete batzuk eman genituen horrela. Hortaz, martxoan neure burua aurkeztea erabaki nuen». «Lan handia» dauka eta «ordu aunitz» sartu behar ditu, «baina lantalde polita lortu dugu».

Nortzuk dituzu kargudunak?

Hainbat herritarrek laguntzen didate lanekin. Sara Dorregaray gazteen elkartean dago eta herriko bestak antolatzen ibiltzen da, gainera arkitektoa da eta aunitz laguntzen du proiektu batzuetan. Xabier Ripa herriko uren batzordean sartuta dago eta kristoren lana egiten du bertze batzordeekin batera, horrela funtzionatzen baitugu herrian, batzordeekin, eta hauek ere koordinatu behar dira. Miguel Bidegainek eramaten ditu auzolanak, hormigoitzeak… eta horrelako lanak koordinatzen ditu. Baserrietan ere baditugu hainbat laguntzaile edozer gauza egiteko prest.

Zenbatero biltzen zarete?

Noizbehinka, ez dugu bilerak egiteko egun zehatzik. Gizarte Bilgunean elkartzen gara, eta bertako ostatua nik eramaten dudanez, toki ona dugu elkartzeko eta solastatzeko. Zerbait gertatzen denean badakigu bertan bildu behar dugula.

Zeintzuk dira alkatearen ardurak?

Iruritako herritarren iritziak eta batez ere eskaerak biltzea eta Baztango Udalera eramatea. Herriaren eta udalaren arteko bitartekaritza lanak egitea, azken finean. Ia astero joaten naiz udaletxera eta alkateordearekin biltzen naiz, zer gauzak behar diren edo egin behar diren zehazteko eta batez ere herrian zein proiektu garatzen ahal ditugun ikusteko. Horrez gain, gure kabuz zer egiten ahal dugun begiratzen dugu. Aurten, adibidez, errota aldeko bidea garbitu dugu, auzolanak egin ditugu herria txukuntzeko, hormigoia bota dugu bide batzuetan… eta gisu-labe zahar bat garbitzen ari gara.

«Alkatetza lan handia da baina lantalde polita lortu dugu»

Pello IRIARTE ZELAIETA, Iruritako alkatea

Zein da agintaldian izan duzun zailtasunik handiena?

Abenduan izandako uholdeek utzitako kalteak. Hainbat lan koordinatu behar izan ditugu, errekak lur puska haundi bat eraman du eta leku batzuetan harri-lubetak egin behar izan ditugu. Urgentziazko lanak momentuan egin ziren baina gainerakoak denbora gehiagorekin prestatzen ari gara. Hasteko, eskaerak egin behar izan dira ez delako udalaren ardura bakarrik, Konfederazio Hidrografikoa eta Nafarroako Gobernua ere hor daude eta diru kontua da. Orain, bideen konponketekin gaude, mendietan hainbat pista kaltetuak izan baitira. Aurrekontuak eta materialak prestatzen ari gara, gauza batzuk auzolanean egiten ditugu baina bertze batzuetarako makineria behar da eta hori udaletxearekin egiten dugu elkarlanean.

Zer behar ikusten dituzu herrian?

Irisgarritasunaren gaia aunitz landu behar dugu oraindik. Pixkanaka ari gara espaloiak eta bideak hobetzen, barandak paratzen… Plazako iturrian, Gizarte Bilguneko maldan eta bertze lekuetan aritu gara lanean, baina gauza guziek badute bere kostua eta dirua behar denez poliki-poliki ari gara dena konpontzen. Honez gain, herriko komunak ere berritu genituen iaz. Udaleko arkitektoak egin zuen proiektua eta nahiko ongi gelditu dira.

Hainbat pista konpontzeko eta hormigoitzeko auzolanak egin dituzte Iruritan azken urtean.

Baztanen, Irurita kulturalki nabarmentzen den herria da. Kultura sortzea eta sustatzea garrantzitsua dela uste duzu?

Bai, noski. Ekitaldi aunitz egiten dira, guk dauzkagun altxorrak dira eta bultzatu behar dira. Alde batetik ondare kulturala dugu eta bertzetik ondare paisajistikoa, ederra eta arras aberatsa. Hala ere, kultur ekitaldi gehienak gazteek bultzatuak dira eta gazteei zuzenduak, hortaz, jubiloteka bat egin nahi dugu aurten, baita oroimen historikoko lanak; ez Gerra Zibilekoak baizik eta orokorrean lehengo ohiturak, ogibideak… informazio kulturala, historikoa eta etnografikoa bildu nahi dugu. Adineko jendearekin harremana izateko modu bat da, haiek aktibo egoteko, eta guk informazio baliotsu hori bilduko dugu. Horrez gain, hainbat ekitaldi koordinatzen ditugu eta herriko elkarteen arteko harremanak sendotzen saiatzen gara; laxoa, paxaka, dantzariak, antzerkiak, Elizondoko Koro Ttikia… Aunitz aberasten dute herria eta gero eta ekitaldi interesgarriagoak egitea ahalbidetzen digute. Baina hori ez da guztiz nire lana, elkarteena baizik, nik hau susta dezaket baina herritarren parte-hartzea beharrezkoa da. Proiektuek, herriaren babesik gabe, ez dute deus balio.

Turismoa ere geroz eta ugariagoa da bailaran. Iruritan badu eraginik?

Garrantzi handiko ondarea du herriak eta hor bi alderdi desberdindu behar ditugu; guk guretako sortutako kultura eta turismora begira noizbehinka egiten duguna. Azken finean, turismoa guretako diru-sarrera da. Baina noski, lehenbiziko herrikoak dira eta gero kanpokoak.

«Proiektuek herriaren babesik gabe ez dute deus balio»

Pello IRIARTE ZELAIETA, Iruritako alkatea

Nola ikusten duzu herriaren etorkizuna?

Baztan guzian bezala, gure arazoak ditugu etxebizitzekin Iruritan. Hemen ez da Elizondon bezalako bultzada urbanistikorik izan, zorionez, baina egia da hemengo gazteek beren etxea edo pisua lortzeko zailtasunak dituztela. Etxe pila ditugu, hainbat hutsik, baina ez badira erraztasunak ematen etxebizitza kolektiboak egiteko edo nolabait ere berritzeko, gazteendako beti erosoago izanen da pisu bat edo apartamentu bat alokatzea, eta hemen horrelakorik ez dugu. Baina guk gure aldetik gauza guti egiten ahal dugu, alde batetik etxebizitza merkatua horrela delakoz eta bertzetik, guk ezin ditugulako dirulaguntzak eman, horretarako daude Baztango Udala eta Nafarroako Gobernua.

Nola baloratuko zenuke zure agintaldia?

Lehenbizikoa izanik, ikasteko balio izan dit, sartzea eta zer dagoen ikustea izan da. Batzuk badute ohitura  gauzak antolatzeko, baina nire kasuan zailago izan da. Ikasteko urtea izan da.

Hurrengo agintaldian segitzeko prest egonen zinateke?

Printzipioz, ez. Ikusiko da, baina nahiago nuke gazteek hartuko balute alkatetza.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun