1946ko azaroaren 23an hil zen Alejandro Elizalde Iribarren elizondoarra Kanbon. ELA eta EAJko militante izan zen eta frankisten aurka borrokatu zuen Gerra Zibilean. Donibane Lohizunera erbesteratu zen eta bertako bulego jeltzalean egin zuen lan espioi frankistak neutralizatzen. II. Mundu Gerran Comète sarearekin egin zuen lan lurrera botatako hegazkinlari aliatuei muga zeharkatzen laguntzen. 1943an Gestapoak atxilotu zuen komunista zela leporatuz, eta Frantziako hainbat espetxeetan eta nazien kontzentrazio-esparrutan izan zen 1945ean askatu zuten arte. Handik urte batera hil zen, tuberkulosiak jota eta kontzentrazio-esparruengatik ahulduta.
Orain, Irujo Etxea elkarteak eta Sabino Arana Fundazioak omenaldia eginen diote. Hasiera batean abenduan egitekoa bazen ere, gibelatu behar izan zuten eta aste honetan eginen dute, otsailaren 10ean Arizkunenean 19:00etan, Etxahun Galparsoro historiagilearen eskutik.