«Arizkungo Menditxuri, Milo eta Olazarko inguruetan egin nahi dituzten zundaketen eta hauek ekarriko lituzkeen ustezko harrobiaren kontra», Milotxuri Bizirik plataformak helegite berri bat aurkeztu du Nafarroako Gobernuko industria ordenazio, azpiegitura energetiko eta meatzaritza zerbitzuko sailean, «hots, Enpresa eta Garapen Ekonomikoaz arduratzen den departamentuan».
Arizkungo herritarrek, plataformak eta hainbat baztandar zein erakundek eman diote atxikimendua helegiteari, «658 sinaduren babesarekin». Honekin, plataformako kideek hogei helegite inguru igorri diote Nafarroako Gobernuari ilbeltzaren hasmentatik, eta «helburua beti berdina dela» adierazi dute; «'Arizkun Sur 3602 meatze-ikerketen proiektua' bertan behera uztea».