Dantzariaren lehen urratsak
Elizondon hasi zen dantzak ikasten 13 urte zituela; «hiru lagun engainatu nituen mutildantzen aitzakiarekin dantzak ere ikasteko, eta Izaskun Eguirekin hasi ginen. Ondotik, Mari Kruz Goñi, Irantzu Izeta eta Amadeo Arretxea ere izan nituen irakasle, eta beraiekin ikasi nuen dakidan guzia».
16 urterekin ikaskuntzatik irakaskuntzara eman zuen pausoa. «Irakasle lanak hasi nituen kurtso batez, afizioa nuen eta bertze irakasleek talde batzuk pasa zizkidaten». Gero, bertze lanetan aritu zen urte batzuk, «eta duela 12 urte bueltatu nintzen Iruritan dantza irakasle lanetara».
Dantzan bizitzen
12 urte hauetan hainbat herritan ibili da Zelaieta dantzak irakasten; Iruritan, Elizondon, Oronoz-Mugairin, Narbarten, Azkainen eta Beskoitzen. Beraz, Baztan eta inguruko hainbat haur eta gaztek berarekin egin dituzte lehen urratsak.
«Momentu goxo pila bat oparitzen dizkit dantzak behin eta berriz»
Kristobal ZELAIETA OHARRIZ, dantzaria
Euskal dantzak irakastea «gure kulturaren transmisio garrantzitsua» da; «gaur egun, Interneta dela eta, gure bizitzeko modua hainbertze aldatu da, eta etxetik atera gabe diziplina aunitz lantzeko aukera dugu. Erraza da gure kultura eta ohiturak alde batera uztea». Hortaz, «garrantzi handia duela uste dut, nondik heldu garen ezagutzea eta gure kultura babestea, hori bai, egungo egoerara moldatuz».
Hala ere, ez du bere burua dantza estilo bakarrera mugatzen, «dantza orokorrean dut gustukoa, berdin zait dantza klasikoak zein gaur egun TikTok-en modan daudenak. Hilabete batzuez dantza latinoak ikasten ere aritu nintzen».
«Momentu goxo pila» oparitu dizkio dantzak Zelaietari, eta batez ere egindako bidaiak «aunitz disfrutatu ditut». Izan ere, leku aunitzetan ibili da dantzari; «Europako zenbait hiriburu eta herri ezagutzeko aukera izan dut, eta Estatu Batuetan ere izan naiz, udalekuetan dantzak irakasten. Gauzak ongi baldin badaude, aurten ere udalekuetan parte hartzeko asmoa dut Bakersfielden».
Irurita, herri dantzaria
Baztanen, herriren bat nabarmentzekotan, Irurita izanen litzateke dantzariena. Bertakoa da Zelaieta eta bertan ematen ditu klaseak duela 12 urte. Adin guzietako jendeak ikasten du dantza egiten berarekin; «aurten, zortzi urteetatik 40 eta pikora, hainbat lagun dut dantza taldeetan».
Dantzatzea ez ezik, ikasitako erakustea gustuko dute iruritarrek, eta horretarako hainbat ikuskizun prestatu dituzte azken urteetan Koro Ttikirekin batera. Bagara ikuskizuna egin zuten 2019an, 2020an Izarrak aurkeztu zuten eta 2021ean Terra.
«Uda alderako bertze emanaldi bat prestatzen ari gara»
Kristobal ZELAIETA OHARRIZ, dantzaria
Guztietan lanean ibili da Zelaieta buru-belarri; «Lan pila bat dute gibeletik, baina gustoz eta plazer haundiarekin egindako lana izaten da. Kantak eta dantzak aukeratu eta prestatu behar dira, entseguak egin, arropak prestatu, apaintze lanak… Lan handia izan arren, lantalde ederra osatu dugu eta denon artean emanaldiak aitzinerat eramatea posible izan dugu».
Etorkizunera begira
Egindako lanek beren fruitua eman dute, ikuskizunak zein baino zein arrakastatsuagoak izan baitira eta behin baino gehiagotan errepikatu behar izan baitituzte. Hortaz, lanean segitzen dute; «egun hauetan Jostailugilea ipuin musikatua aurkeztu du Koro Ttikik, eta dantzariak ere laguntzen aritu gara. Uda alderako bertze emanaldi bat prestatzen ari gara, eta urteroko plana izaten saiatuko gara!»
Dantzatik bizitzea ez du «inoiz burutan izan. Ordu pila bat lan eginez posible litzateke, baina kasu eman behar da, ez delako ogibide egonkorra. 20 urte pasatu ditut dantzan, eta ziklikoak izan dira beti dantzarien kopurua eta afizioa». Hala ere, «arras kontent» dago momentuan dagoen bezala eta «proiektu eta kolaborazio gehiago egin nahiko nituzke Iruritako Dantzariekin eta bertze zenbait talderekin».