Baztan Iñarrosi talde feministak «gure arteko harreman zis-hetero-patriarkalak birpentsatzeko jardunaldiak» antolatu ditu Baztango Talde feministarekin, Gazte Asanbladarekin eta Baztango Udalaren laguntzarekin. Egitarau zabala izanen dute eta otsailean eginen dituzte ekitaldi guziak.
Hilaren 12an San Valenthil eguna ospatuko dute. Horretarako, maitasun erromantikoari buruzko tailerra eginen dute 17:00etan Baztango gaztetxean. 19:00etan leku berean mural bat margotuko dute, eta 21:30ean Neska* gazteen afaria eginen dute. Hiru jarduera hauek ez-mistoak izanen dira. Eguna borobiltzeko, 23:00etan gaztetxean Kai Nakairen kontzertua izanen da denendako eta ondotik guatekea eginen dute.
Otsailaren 18an ligoteo sanoaren inguruko tailer ez-mistoa eginen dute Baztango neska* gazteek Arizkunenean 17:00etan. Gizonendako, berriz, maskulinitateari buruzko lantegia izanen da otsailaren 8an, 15ean eta 22an gaztetxean 18:00etatik 20:00etara, Hiruki Larroxaren eskutik.