Arrakastatsua izan da (H)ilbeltzaren zortzigarren edizioa

Ttipi-Ttapa 2022ko ots. 1a, 13:00

Pasa den astean ospatu zuten Baztanen (H)ilbeltza Euskal Nobela Beltzaren astea. Astelehenean hasi eta igandera bitarte egitarau zabala antolatu zuten antolatzaileek, eta jendetzak hartu zuen parte ekitaldietan, batez ere asteburuan. Argazkiak: (H)ilbeltza.

Astelehenean hasi zen (H)ilbeltza Koldo Biguri idazlearen solasaldiarekin. Iazko (H)ilbeltza bekaren irabazleak Massimo Carlotto idazlearen Arrivedderci amore, ciao nobela itzuli du euskarara, eta nobelaren inguruko solasaldia izan zuten Arizkungo Medikuaren Etxean.

Asteazkenean izan zuen jarraipena (H)ilbeltzak Anizen egindako solasaldiarekin. Euskal gaizkileak podcastaren inguruko solasaldia izan zuten bertan Beñat Hach Embarek podcastaren zuzendariarekin. Belateko lapurra kondairaren inguruan mintzatu ziren, eta kondairaren inguruko bertsoak ere kantatu zituzten. 

Ortziralean Marga Andurain baionarraren bizitzaren inguruko hitzaldia eman zuen Ainize Madariagak, eta jendetza bildu zen Arizkunenean . Larunbatean ere leku berean egin zuten zita Hondar Ahoak telesailaren inguruko solasaldia egiteko. Handik Erratzura joan ziren, eta ohiko bazkaririk gabe, baina arratsaldean Itxaro Bordaren Euri zitalari esker liburuaren aurkezpena izan zuten. 

Astea Beltza borobiltzeko, itzuli beltza eta errezitaldia izan zituzten. Jende anitz bildu zen Iruritan lubakietako oroiminak oroitzeko. Astea bukatzeko, Frankestein agurgarria, Gutun musikatuak Victor Frankensteini errezitaldiaren estreinaldia izan zen Petti eta Ana Galarragaren eskutik. 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun