Amaiurko Gaztelu elkarteari «euskal memoriaren alde egindako lanarengatik» Sabino Arana Saria eman diote gaur Bilbon

Ttipi-Ttapa 2022ko urt. 30a, 18:00

Isabel Aleman Amaiurko alkatea eta Amaiur Gaztelu elkarteko kidea gaur Bilbon saria biltzerakoan

Bilboko Arriaga Antzokian egin dute sari-banaketa gaur goizean. Osotara sei sari banatu dituzte eta, modu horretara, elkarte eta pertsona hauek «gizartearekin erakutsi duten konpromisoa eta elkartasuna» aintzat hartu dute. Amaiurko Amaiur Gaztelu Elkartea, Luis Ugalde jesuita venezuelarra, Luis Maria Bengoa kazetaria, Irungo Bidasoa kirol-elkartea, Donostiako Basque Culinary Center eta Aita Mari migratzaileen erreskate-ontzia dira aurten sariak hartu dituztenak. 

«Amaiur Gaztelu elkartearen lana euskal memoriaren aldekoa izan da» dio Sabino Arana Fundazioak saria arrazoitzerakoan. Funtsean, Amaiurko gazteluaren eta herriaren erran-nahia berreraiki eta balioa emateagatik hartu dute aitortza.

«Gure arbasoen historia ezagutu behar dugu herri bezala aitzinera egiteko»

Isabel Aleman Amaiurko alkateak monolitoaren laburpen historikoa egin du saria hartzerakoan eman duen hitzaldi laburrean, eta gogora ekarri du bere garaian «herritarren diru-ekarpenekin eta garai hartako euskal erakundeen laguntzarekin» eraiki zela.

Bere hitzaldian gogorarazi du monolitoa bota zutela «Amaiurrek ordezkatzen duen memoria historikoa ezabatzeko intentzioarekin», eta 1982an monumentua eta bere erran-nahia berreskuratzeko, Gaztelu Elkartea sortu zela azaldu du. Alkateak azpimarratu duenez, mende honetan «gure herriaren memoria zientzian oinarritzen dugu, eta horregatik ekin zaio gazteluaren eta Amaiur inguruaren arkeologia eta musealizazio-lanari». «Gure arbasoen historia ezagutu behar dugu herri bezala aitzinera egiteko» gaineratu du.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun