Joxean Etxeberria Osakar

«Aizkorarekin lanean segituko dut ahalik eta maila altuenera iristeko»

Ttipi-Ttapa 2022ko urt. 30a, 08:00

Lehenbiziko agintaldia du aurtengoa Joxean Etxeberriak (Ziga, 1995) Zigako alkatetzan. «Jakin-minagatik» erabaki zuen aurkeztea eta gaur egun lana aizkorarekin uztartzen du, aitaren pausoak segituz.

Celestino Osakar, Miriam Barberena, Txema Mairena eta Javi Sanz ditu kargudunak, eginbeharrekin laguntzen diotenak. «Ez gara denbora jakin batero biltzen, herriko gaien bati buruz solastatzeko beharra ikusten dugunean baizik». Bortzen artean banatzen dituzte ardurak gauza batzuetarako, «baina bertze batzuetan ahal duenak egiten du». Alkatearen lanak «ugariak» dira, «adibidez, herritarren eskariak udalera eramatea».

Hainbat behar ikusten ditu alkateak Zigan, «baserrietara doazen bideak hobetzea» izanik handienetariko bat, «nahiz eta badauden behar gehiago ere». Eta horretan jardun dira agintaldia hasi dutenetik. «Oraingoz, baserri batzuetako bideak konpontzen hasi gara eta aitzineko urteetan egin izan diren jarduera eta auzolanekin segitu dugu».

«Baserrietako bideak hobetzea da beharrik handiena Zigan»

Joxean ETXEBERRIA OSAKAR, Zigako alkatea

Aurten, 2021ean egindako bide beretik segitzeko asmoa dute; «auzolanak egin herria txukun mantentzeko eta bide batzuk konpontzen segitu, ahal den heinean». Herriak «etorkizuna baduela» uste du Etxeberriak, «gazte batzuk bertan gelditu dira bizitzen eta hurrengo urteetan bertze batzuk ere geldituko direla uste dut». Hurrengo agintaldira begira, ez du baztertu alkatetza errepikatzeko aukera, «ez dakit, beharbada bai, baina momentua ailegatzean ikusiko da». Zailtasun handiena «denbora bilatzea» du, izan ere, alkatetza ez du eginbehar bakarra.

Aizkora, ttikitako pasioa

«11 urte izanen nituen lehenbiziko aldiz aizkora bat hartu eta enbor gainera igo nintzenean». Aita ere aizkolaria da, Felix Etxeberria, eta laguntza handikoa izan du bere ibilbidean. «Gauza aunitz irakatsi dizkit, aizkorak zorrozten eta egurrak jartzen laguntzen didan guztiaz aparte».

21 urterekin eman zuen profesionalki lehiatzeko pausoa. «Salto nahiko handia izan zen, batez ere konpromiso aldetik. Entrenamenduak maizagoak, kontrolatuagoak eta gogorragoak izaten hasi ziren». Izan ere, astean sei egunetan entrenatzen da gaur egun Etxeberria.

Hainbat txapelketa profesionaletan aritu da, maila handiko aurkarien kontra, eta emaitzak ez dira kaskarrak izan; azkena, Nafarroako Aizkora Txapelketa Nagusiko finalean lortutako bigarren postua. «Pixkanaka hobetzen ari naizela uste dut, eta lanean gogor segitu nahi dut ahal dudan mailarik altuenera ailegatzeko». Gaztea da oraindik, baina adina abantailatzat hartzen du; «osasuna eta zortea izanez gero eta gauzak ongi egiten baditut, oraindik goi mailako kirolaz gozatzeko urte dezente ditut».

«Aizkoraren inguruko gauza aunitz irakatsi dizkit aitak»

Joxean ETXEBERRIA OSAKAR, Zigako aizkolaria

Eta ez du denbora galtzen, txapelketetan ez dagoenean erronkak botatzea gustuko baitu. Sherpa.ai Aizkolari Txapelketa Nagusiko finalistak desafiatu zituen abenduan, «desafioa botatzeko momentua zela iruditu zitzaidalako». Tolosako Kantabrikon paratu zuen hitzordua, «baina ez zen inor agertu».

«Edozein kiroletan zenbat eta gehiago lehiatu eta zenbat eta maila handiagokoak izan lehia horiek, orduan eta sasoi hobea izaten du kirolariak».  Hortaz, txapelketen arteko «egonaldietan» prestatzen segitzeko, beharrezkoak ikusten ditu lehiak, «hurrengo hitzordura ahalik eta hobekien ailegatzeko».

«Etorkizun ona» ikusten dio aizkorari, «azken bi urteak ez dira errazak izan antolatzaileendako baina txapelketak egin dituzte». Bere buruari dagokionez, «hobetzeko saiakeran» segituko du Etxeberriak. «Orain binakako txapelketa hasiko da eta ahalik eta maila hoberena ematen saiatuko naiz».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun