Baztango Udalak esnetako behien sektorearendako Elikagai Katearen Legea aplikatzea eskatu dio Nafarroako Gobernuari

Ttipi-Ttapa 2022ko urt. 28a, 16:00

Esnetako behien sektorea «kinka bizian» dagoela adierazi dute

Nafarroako Gobernuari «Elikagai Katearen Legea aplikatu dezala eta lehenbailehen esne sektoreko prezioen mahaia deitu dezala» eskatu dio Baztango Udalak. Gainera, «mahai horretan baserritarrak egotea» eskatu dute. EH Bilduk aurkeztu zuen mozioa atzoko osoko bilkuran eta aho batez onartu zuten alderdi guztiek akordioa.

Izan ere, esnetako behien sektorea «kinka bizian» dagoela adierazi dute; «azkeneko urtean pentsua %30 kariotu da eta gainera argindarra eta erregaien kostuak ere igan dira. Gaur egun industriak 32-37 zentimoan erosten du esnearen litroa, produkzio kostuen azpitik. Nekazarien sindikatuek diote prezio duin bat, beren lana errentagarria izateko, 40 eta 42 zentimoen artekoa dela».

Gainera, «hainbertze saltokitan, 70 zentimoen azpitik saltzen diren esne markak daudela» adierazi dute. «Horrela merkataritza eta banaketa arloko enpresa handiek esne merke hori bezeroak berenganatzeko amu gisa erabiltzen dute eta sektorea goititik beheiti kontrolatzen dute».

Hego Euskal Herrian 398 baserritar ari dira esnetako behien sektorean lanean, Nafarroan 146 eta Baztanen 28. Azkeneko datuen arabera, batez bertzeko adina 50 urtekoa da Nafarroan. «Modu honetan segituz gero sektorerik gabe geldituko gara, horrek erran nahi duenarekin; landa-eremuetako jarduera ekonomiko bat desagertzea, enpleguak galtzea, esnea ez produzitzea…».

2020an Elilkagai Katearen Legea atera zuen espainiar estatuak horrelako egoeretan jokatzeko, «ekoizlearengandik bezeroarenganainoko hornidura katean gehiegikeriak gelditzeko, eta esnearen sektorean bete-betean sartu beharko litzateke». Legea aplikatzeko ardura «Nafarroako Gobernuaren dela» oroitarazi dute, eta «behar-beharrezkoa» ikusten dute prezioen mahai antolatzea. «Bertan ordezkaritza izanen lukete esne industriak, baserritarrek, banaketak eta garraio sektoreak, eta bakoitzak bere kostuak mahai gaineratu beharko lituzke, kate osoan errentagarritasuna bermatzeko».

Akitzeko, «merkatuaren logikak ez duela ekonomia gidatzen ahal, eta guttiago elikadura» adierazi dute, «ezin baita merkantzia huts gisa ulertu».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun