Lekarozko Aroztegia proiektuaz

Baztango Udalak Aroztegiko auzipetuei elkartasuna adierazi die eta proiektua gelditzeko eskatu dio Nafarroako Gobernuari

Ttipi-Ttapa 2022ko urt. 28a, 11:30

«Aroztegiko kanpaldiarengatik sei baztandar deklaratzera deitu izana» salatu du Baztango Udalak

Atzo egindako udaleko osoko bilkuran onartu zuten mozioa aldeko zortzi botorekin eta kontrako bortzekin

Aroztegiko auzipetuak izan zituzten hizpide atzoko osoko bilkuran. «Sei baztandarrek Iruñean deklaratu behar izan dute Aroztegiko kanpaldiarengatik. Kanpaldia 2021ean egin zen, Lekarozko Aroztegian lekaroztarren eta Baztango erakundeen iritzi eta nahiaren kontra egin nahi den proiektuaren lanak hasi zituztelako».

Proiektua «ezohiko prozeduraren arabera» tramitatu dela salatu dute, «ez du Baztanen onarpenik, eta ondorioz, zilegitasun sozialik ere ez. Nafarroako Gobernuak Udalez Gaindiko Eragina duen Plan gisa izapidetzea onartu zuen, Baztango erakundeen ahalmenen gainetik, indarrean den legedia bihurrituz eta proiektua inposatuz. Nabarmena denez, proiektua interes sozial guttiko eta ondorio handiko egitasmoa da, Lekaroz errotik aldatuko lukeena eta Baztango geroa gogor baldintzatuko lukeena».

«Zilegitasun sozialik gabeko proiektuak» aitzinerat egin du Nafarroako Gobernuaren babesarekin, «eta hor buruz burukoa sortu da. Modu bihurrian erabilitako legeak ematen duen legitimitatea alde batetik eta, bertze aldetik, herritarren gehiengoak nahi ez duen proiektuaren inposizioaren eta ondorioen aitzinean antolatzen den herri-borondatearen legitimitatea».

Gainera, erakunde publikoek «herritarren nahi arrazoitu eta zentzukoari kasu egin beharrean, interes ekonomikoekin pelotazo urbanistikoak baimentzea» salatu dute, eta «ageriko bidegabekeria» dela adierazi. Testuinguru horretan, «bidegabekeriak lanak geldiarazteko kanpaldi baketsua antolatzea ekarri zuen. Orain, sei baztandar auzipetu dituzte, inposatutako eta zilegitasun sozialik gabeko pelotazoa modu baketsuan gelditzen saiatzeagatik».

Horregatik, «auzipetutako herritarrei elkartasuna adierazi» diete eta Nafarroako Gobernuak «lekaroztarrei, baztandarrei eta Lekaroz eta Baztango erakundeei kasu egitea eta Aroztegiko proiektua betiko gelditzea» eskatu dute.

EH Bilduk aurkeztu zuen mozio hau bilkuran. Aldeko zortzi boto izan zituen, EH Bildu eta Ezkerrarenak, eta Navarra Sumaren eta Geroa Bairen kontrako bortz boto.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun