Baztango udalak prest du otsaileko kultur agenda

Ttipi-Ttapa 2022ko urt. 28a, 13:00
Arima Soul taldeak soul kontzertua emanen du Arizkunenean otsailaren 20an

Jokoak, antzerkiak eta musika izanen dira nagusi Baztango herrietan otsailean

Urtarrila akitzeko, Elbeten izanen da mahai-jokoen kutxa ibiltaria asteburuan, 29an eta 30ean. Heldu, haur eta gazteendako aukera izanen da, nahi duenak joan, begiratu eta gozatzeko.

Otsailean musikaz beteriko igandeak izanen ditugu. Ohikoa den bezala, Baztan Kantuz ekimenak bere ibilbidea segitu du aurten ere. Lekarozen hasi zuen urtea eta Arraiozen izanen da otsaileko hitzordua, hilaren 20an herriko plazan 12:00etan. Kantatzea gustuko duen herritar guztiendako irekia dago ekimena. Baztango Kultura Zerbitzuak antolatu du, Nafarroako Gobernuaren 2022ko Arte eta Kultura programaren babesarekin. Bertzetik, Amaiurren bailableak izanen dira otsailaren 13an. Baztango Dantzarien eta Elizondoko Gaiteroen eskutik, mutxikoak, jotak eta larrain-dantzak dantzatzeko aukera izanen dute bertaratzen diren guztiek. 12:30ean izanen da ekitaldia, lekua oraindik zehazteke dago.

Iruritan Hotzikara,gozamen erotikoaren historia helduendako antzerkia aurkeztuko dute Ines Bengoak eta Iosu Lizarragak otsailaren 6an, Gizarte Bilgunean 19:00etan. Munduaren hastapenetik hasten da ikuskizuna, eta erotismoa historian zehar nola gertatu den kontatzen dute Bengoaren ahotsak eta Lizarragaren musikak. Hainbat egoera, pertsonaia eta istorio aurkeztuko dituzte, ikus-entzuleak bidaia baten sartuz pasioaren, zoramenaren eta umorearen bitartez. Baztango Kultura Zerbitzuak antolatu du ekitaldia , 2022ko Arte eta Kultura programaren babesarekin.

Elizondon ere izanen da zer aditu. Otsailaren 20an 19:00etan Arizkunenea Kultur etxera 70eko hamarkadako R&B, soul, funk, groove eta jazz soinuak ekarriko ditu Arima Soul taldeak. Lidia Insaustik (ahotsa), Mikel Makalak (baxua), Paul San Martinek (teklatua) eta Hilario Rodeirok (bateria) osatzen dute laukotea eta euskaraz kantatutako haien abesti propioez gain, hainbat artista adierazgarriren bertsioak ere eginen dituzte; Etta James, Curtis Mayfield, Maria 'Queenie' Lyons...

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun