Arizkungo harrobiaren proiektuaz

«Proiektua bertan behera utzi arte ez gara geldituko»

Ttipi-Ttapa 2022ko urt. 29a, 11:00

Proiektuak kaltetuko lituzkeenak eta hainbat herritar kezkatuk osatzen dute Milotxuri Bizirik plataforma.

Canteras Achak zundaketak egin nahi ditu Arizkunen eta Elbeten harrobi bat egiteko helburuarekin. «Enpresaren asmoen berri jakin bezain fite» antolatu zuen Arizkungo alkateak herri batzarra, eta bertan proposatu zuten lantalde bat sortzea. Elbeteko Miloa eta Arizkungo Menditxuri parajeak hartuko lituzke proiektuak eta, beraz, Milotxuri Bizirik deitu diote plataformari, bi izenak uztartuz. Almandozko Arritxuri harrobia aspalditik ustiatzen du Canteras Achak, eta bertan zundaketa gehiago egiteko asmoa dutela ere adierazi dute, Uzketa 2 izeneko eremuan.

Nola izan zenuten enpresaren asmoen berri?

Ustekabean izan zen. Kasualitatez, orain plataforma osatzen duen kideetako batek Estatuko Buletin Ofizialean iragarkia kusi zuen, joan den urteko azaroaren 19an. Egun batzuetara, Nafarroako Buletinean argitaratu ziren zundaketa proiektu honen nondik norakoak, baino enpresa eta inplikatuen partetik ez dugu inongo jakinarazpen ofizialik izan.

Zer egin nahi dute zehazki?

Buletinean argitaratu dena zundaketa batzuk gauzatzeko proiektua da, Arizkungo Aintzialde eta Bergara auzoetan eta Elbeteko Miloa parajean. Burdin-harria zein mailatan ustiatzen ahal duten jakin nahi dute. Horretarako, 30 eta 70 metro bitarteko zuloak egin nahi dituzte, hainbat teknika erabiliz, zein mineral eta zenbateko kantitatean dauden ikusteko. Guztira 12 tomografia eta bi zulo handi egin nahi dituzte. Dena den, proiektuan «beharren arabera miaketak desbideratzen ahal direla» paratzen du, eta honek gure kezka hauspotzen du. Badakigu zundaketak harrobi baten lehenbiziko pausoak direla eta hortaz hasmentatik mugitu gara gure lurren eta interesen kontra egiten duen proiektu hau geldiarazteko.

Nortzuk osatzen duzue plataforma?

Nagusiki kaltetuek eta kezka duten herritarrek osatzen dugu Milotxuri Bizirik plataforma. Lantalde anitza gara eta betebeharrak partekatuz ibiltzen gara. Taldelana arizkundarrek egiten badugu ere, Elbeteko eta Almandozko zenbait ordezkarirekin ere elkarlanean eta solasean ibili gara.

Zein da zuen helburua?

Lehenik eta behin, zundaketa proiektu honetatik eratzen ahal den ustezko harrobia gelditzea da. Gure lurrak defendatu nahi ditugu, izan ere, nekazaritza eta abeltzaintza ustiaketarako aprobetxamendua edukitzeaz gain, familia ugariren sustengua edota diru- iturri haundi bat arriskuan jar daitezke proiektu honekin.Bigarrenik, Baztango herritarren artean eztabaida sortu nahi dugu, harrobi bat bezalako egitasmoek baztandarron interesak zuzenean ukitzen baititu eta horrelakotan herritarron erabakiak kontuan hartzea nahiko genuke.

«Herritarrek ezezkoa eman diogu aho batez egitasmoari»

MILOTXURI BIZIRIK plataformako kideak

Zein da herritarren iritzia proiektuaren inguruan?

Alkateak deituriko bigarren batzar batean, herri galdeketa egin zen harrobiaren alde edo kontra geunden jakiteko. Ehunka herritar bildu ginen eta bozkatzeko eskubidea genuen 155 herritarretatik, denek aho batez ezezkoa eman genion harrobiaren egitasmoari. Honez gain, martxan den sinadura bilketa abiarazi genuen.

Zer ondorio ekar ditzake horrelako proiektu batek herritarrendako?

Ondorioak anitzak dira. Batetik, lurjabeei abeltzaintzarako eta nekazaritzarako lurrak kenduko dizkie (ukuiluak, bordak, kisulabeak, baratzeak, bazkalekuak, mahastiak, oihanak, iratze- zelaiak,…) eta kalte ekonomiko nabarmenak eraginen lituzke lehenengo sektoretik bizi diren 12 familiei. Bertzetik, bailara guztiari eragiten diotenak daude: kamioi gainkarga errepideetan, leherketen asotsak, ur-biltegien eta Baztan ibaiaren kutsatze arriskua, ondare historikoa arriskuan paratzea… Paisaia hondatzeak turismoan ere oihartzuna izanen du.

250 herritar baino gehiago bildu ziren abenduaren 19ko elkarretaratzean Aintzialden harrobiari ezetz errateko.

Plataformako kideek bilkurarik egin duzue?

Proiektuaren berri izan genuenetik gaude hemen, hasiera-hasieratik, eta asteroko maiztasunarekin bilduz joan gara. Proiektu honi eta bere ondorio posibleei hasiera batetik erantzun eraginkor bat eman nahi diogu. Horretarako helegiteak, sinadura bilketak, prentsa oharrak, alkateekin bilerak eta abar abiarazi ditugu. Gure helburua afera hau sozializatzea da, hedabideen eta gure ekintzen bitartez baztandar guziei gure mezua zabaltzeko eta mugimenduaren parte bilakatzeko. Hausnarketa bultzatu nahi dugu azken finean, Baztango bihotzean bertze harrobi berri baten agerpenak bailarako biztanle guziok pairatuko ditugun ondorio kaltegarriek ekarriko baititu.

Enpresako arduradunari gutun bat idatzi zenioten herriaren izenean, «egitasmoa lehenbailehen bertan behera uzteko» eskatuz. Erantzunik hartu al duzue?

Ez, momentuz ez dugu erantzunik hartu.

«Proiektu honi erantzun eraginkor bat eman nahi diogu»

MILOTXURI BIZIRIK plataformako kideak

Elkarretaratze bat egin duzue dagoeneko. Ekimen gehiago eginen dituzue?

Bai. Proiektua bertan behera utziko duen idatzizko baieztapen bat izan arte ez gara geldituko. Gainera, bailarako antzeko kasuekin elkarlanean aritu nahiko genuke, Baztango kezka hauek guziak uztartzeko.

Prozesu judizialik hasteko aukera aztertu duzue?

Ez, oraingoz ez. Baina behartuak ikusiz gero, ez dugu aukera baztertzen.

Zerbait gehitu nahi duzue?

Eredu ekonomiko alternatibo baten alde gaudela plazaratu nahi dugu, etekin ekonomiko azkarra bilatzearen ordez momentuko beharrak asetzeko haina lehengai ustiatzen dituen eredu baten alde, alegia. Gure lurrak zainduko ditugu, beren aniztasun ekologiko eta kulturalak babestearren. Akitzeko, gure kasua ezagutzera ematen laguntzen ari zareten guziei eta elkartasuna adierazi diguzuen guziei eskerrak eman nahi dizkizuegu Arizkungo herriaren izenean.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun